Maddi Barber (zine zuzendaria): "Ikasketa ona izan da 16 milimetrotan grabatzea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko api. 1a, 11:35

Maddi Barberrek irabazi du Huhezinema saria aurten. Argazkia: Kattalin Barber.

Huhezinema saria, euskarazko film labur onenarena, jaso du nafarrak, artzaintza tradizionalari buruz egin duen Gorria lanarekin, "oso gustuko" duen zine jaialdian.

Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziaduna da eta Ikusizko Antropologia arloan masterra du azken urteetan zinemagintzan buru-belarri dabilen Maddi Barber (Lakabe, 1988) nafarrak. Hark zuzendu eta grabatu duen Gorria filmak jaso du aurtengo Huhezinema saria.

Zorionak! Esperotako saria?

Sekulako sorpresa izan da eta oso pozik nago, nahiz eta ez nuen sari-banaketara joateko aukerarik izan. 2014an izan nintzen lehenekoz Huhezinema jaialdian; ez genuen saririk jaso, baina oso jaialdi polita iruditu zitzaidan, ikasleentzako ikasketa prozesu moduan, batetik, eta baita profesionalizazio bide horretan ere.

Zer kontatu nahi zenuen Gorria-n?

Gai baten inguruan ditudan galderei erantzuten saiatzen naiz nire filmen bitartez, eta oraingoan, atentzioa ematen zidana zen artzainek arkumeak nola zaintzen dituzten gero hiltzeko. Gizakien eta animalien arteko erlazioan, askotan, zaintza lanak animalia horien sakrifizioarekin nahasten dira, eta hori guztia lehen pertsonan bizi eta kontatu nahi nuen.

Eta hala joan zinen zure jaioterriko artzain batekin bizitzera, ezta?

Hori da; hiru hilabetez, martxotik ekainera bitartean, egon nintzen Lakabeko artzain batekin euren ogibidea ikasten. Artalde txikiak dituzte han eta modu tradizionalean egiten dute lan. Iruñeko Punto de Vista zine jaialdiaren laguntzarekin grabatu nuen nik bakarrik, eta soinua eta muntaia lanetarako talde bat izan dut alboan gero.

16 milimetroko formatu zaharrean grabatu zenuen; zergatik?

Beste ikasketa prozesu bat izan da hori; sekula erabili barik nengoen halakorik, baina aproposa iruditu zitzaidan, eskuz egiten delako ia lan dena eta gaiarekin oso bat zetorrelako. Oinarrizko lanabesa da, ez du soinurik grabatzen, eta soinua gero grabatu genuen. Formatu digitalean argitaratu dugu filma; bestela, oso garestia da eta.

Aurrez egin dituzun lanen artean daude Itoizko urtegiari buruz egindako eta saritutako bi lan.

Txikitatik izan dut gustuko arlo hori, eta film laburren rallyetan ere ibili izan naiz. Itoiz urtegiari buruz ikertu ondoren sortu nituen 592 metroz goiti (2018) eta metraje ertaineko Urpean lurra (2019)gero; Donostia Zinemaldian estreinatu ziren biak.

Zer duzu orain esku artean?

Donostiako Tabakalerak emakume zinegileendako duen Noka egitasmoarekin ari naiz, film luze baterako gidoia idazten.

Hamalaugarren Huhezinemako palmaresa

Sail Ofiziala:

  • Huhezinema saria, Gorria (Maddi Barber)
  • Komedia saria, Datsegit (Aitor Arruti).
  • Vertigo saria, Maite (Xabier Larrazabal).
  • Mundukide saria, Before I die (Iker Esteibarlanda).
  • Ikusleen saria, Dar-dar (Paul Urkijo)

MUko ikasleen saila

  • Fikzio onenaren saria, Ilunabarrean esan (Xabier Vallina).
  • Aipamen berezia, 12 minutu (Ane Cuesta).
  • Dokumental onenaren saria, Deia (Naia Aizpurua).
  • Argazki onenaren saria, Deia.
  • Ikusleen saria, Ilunean argia (Maria Garmendia).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak