Kepa Errasti (aktorea): "Publiko berria ari da antzokietara etortzen"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko mar. 19a, 16:44

Kepa Errasti aktore aretxabaletarra. Argazkia: Mikel Martinez Etxezarreta.

Aretxabaletako aktoreak sortutako Xake Produkzioak taldeak XXI. Donostia antzerki Saria jasoko du Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanarengatik, martxoaren 27an.

Iaz Donostiako aretoetan eskainitako euskarazko antzezlan onenari ematen diote Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak sari hori.

Zorionak! Pozik, ezta?

Oso pozik eta lanean jarraitzeko indarberrituta. Antzezlana gustatu den sentsazioa dugu, eta oso pozgarria da hori. Alde ekonomikotik ere badu sariak, 12.000 euro ematen dizute-eta hiru urteren bueltan euskarazko beste lan bat egiteko. Diruaz gainera, Juan Luis Goenagaren artelana ere jasoko dugu.

Bigarren Donostia Antzerki Saria duzue honako hau; izan ere, 2018an, Mami Lebrun antzezlanarekin jaso zenuten lehenengoa. Zertan lagundu dizue aurrekoak?

Lana gehiago entzuteko edo zabaltzeko bidea ematen du sariak, eta aipatzekoa da Fadoak entzuten zituen gizona egiteko aukera eman zigula Mami Lebrun-ekin irabazi genuenak.

Zer garrantzi du, zuretako, orokorrean, Donostia Antzerki Sariak?

Erreferentziazko sari bat da. Orokorrean, asko gustatzen zaizkit Donostia Antzerki Sarietan goraipatu izan dituzten lanak, eta, horregatik, oso pozik gaude gurea ere zerrenda horretan dagoelako.

Zure ideia batetik abiatuta, Txarli Andradek idatzi eta Getari Etxegaraik zuzendutako maskulinitateari buruzko obra da. Gaia lantzeko originaltasuna da epaimahaiak azpimarratu duena. Zertan asmatu duzuela uste duzu?

Xake Produkzioak-en lan guztiekin gertatu den moduan, oraingoan ere, antzezlan berean emozioak dantzan jartzen saiatu gara, eta horrek funtzionatzen duela ikusi dugu. Momentu surrealista bat bat-batean goxo jartzen da, ideia indartsu batzuk datoz gero, eta, segidan, hunkitu egiten zara eta barre zoro horretara heltzen zara... Hori da guri gustatzen zaiguna eta horregatik egiten dugu, eta poztekoa da publikoari ere gustatzen zaiola ikustea.

Gizon batek fadoak abestea ere goraipatu dute epaimahaikideek.

Orokorrean, sozialki fadoak emakumeekin lotzen dira, nahiz eta Portugalen badauden gizonezko fado abeslari asko. Gai horrekin lotutako artikulu bat irakurri nuen eta fadoak istorioan txertatzeko gogoa piztu zidan horrek. Testua idazten hasi nintzenetik, hasieratik, konflikto handiak izan nituen, eta zalantzarik handiena sortzen zidan aktore bakoitzari ze profil jartzeak. Argi nuen maskulinitateari buruz berba egin gura nuela, baina ez nuen argi zelan, eta zalantza horiek guztiak antzezlanean txertatu nituen geroago. Istorioan nik antzezten dudan Ander eta Mario [Iñigo Aranbarri] daude; fado lehiaketa amateur batera doan Anderrek aspaldiko ezagun duen Mario-rekin egingo du topo eta bien arteko elkarrizketetan askotariko gaiak aterako dira. Hiru-garren pertsonaia bat ere bada, Masku [Ane Gabarain], eta uste dut asmatu egin dugula horrekin.

Gai serioa da, baina umoretik heldu diozue, eta gustatu da hori ere.

Hala da, bai, eta itzela da hori! Gaur egun, maskarekin, ez dugu irribarrerik ikusten, baina barre asko eta ozenak entzun ditugu areto guztietan!

Zer da taularen gainetik sumatzen duzuna?

Publikoak antzerki gosea duela eta ikusle berri asko hasi dela antzokietara etortzen, eta sekulako poztasuna ematen dit. Egin ditugun emanaldietan, nahiz eta jakin edukiera mugatua dela, sarrera guztiak saldu ditugu. Normalean oso jende gutxi etortzen zen herrietan ere bai.

25 emanalditik gora egin dituzue; sariaren eraginez emanaldi gehiago lotzeko aukerarik ikusten duzue?

Udaberrirako, oraingoz, bi ditugu, eta itxaropena dut udazkenerako gehiago aterako direla, baina, horretarako, aretoetara deitu beharko dugu; izan ere, sari bat jasotzea ez da nahikoa izaten, eta komertzial lanak egiten jarraitu beharra dago.

Sariaren baldintzen artean dago euskarazko beste lan bat egitea; hortaz, Keparen makineria martxan dago dagoeneko?

Ez dakit posible izango den egitea edo ez, baina primizia moduan kontatu dizuet aspalditik dudala bakarrizketa luze bat sortzeko gogoa; baina ez ETBko Barre librea saioan egiten ditugun estilora, baizik eta ordubete pasako aktore bakar bateko saioa. Miretsi egiten ditut bakarrizketak egiten dituztenak, oso zaila iruditzen zait. Publikoari ahantzarazi nahi nioke bakarrizketa bat ikusten ari dela. Aspalditik dut erronka hori.

Urtebete pandemiarekin, egoera ez da ona, baina, batetik bestera saltoka, lanean ari zara zu.

Pribilegiatua sentitzen naiz, bai. Egia da urte asko daroala lanean, eta lanak lana ekartzen duela, baina orain da lehenengo aldia hainbeste gauza batera eta nik egindako lanek horrenbesteko oihartzuna izan dutela. Kulturgileen egoera ez da erraza, eta, horregatik, ezin naiz ni kexatu.

Euskal aktore asko Madrilera joan izan dira lan bila, baina ez da hori zure kasua.

Madrildik deituko balidate, gustura egingo nuke lan han ere, ez daukat inongo trabarik, baina egia da konturatu naizela hemen baino hobeto ez naizela inon bizi. Garbi daukat nire lekua hau dela eta kanpora joateko aukera sortuz gero bueltatzeko asmoz izango dela. Sortzaile profesional asko eta onak gaude Euskal Herrian, azken Goya sariek erakutsi moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak