Urruntze politika, preso gaixoak eta gradu progresioa berbagai

Maialen Santos 2021ko ots. 26a, 15:29

Joseba Azkarraga, Sareko bozeramailea eguaztenean, Arkupen.

Sareko bozeramaile Joseba Azkarraga euskal presoek bizi duten "egoeraz" jardun zen, martitzenean.

Euskal preso, iheslari eta deportatuek egun bizi duten egoera izan zuten aztergai martitzenean, Aretxabaletako Arkupen. Hiru hizketagai izan zituen Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak: presoek bizi duten urruntze politika, larriki gaixo dauden presoen egoera eta gradu progresioaren blokeoa.

Hamalau preso, gerturatuta

Urruntze politikaren bueltan "aurrerapausoak" ematen ari direla azaldu zuen, "nahiz eta espetxe batetik bestera hurbildu dituztenen artean soilik hamalau gerturatu dituzten Euskal Herrira". Hala eta guztiz ere, aitortu zuen Andaluzia, Levante edota Galiziako espetxeak "hustuz" doazela pixkanaka: "Iaz, sasoi honetarako, 170etik gora zeuden hango espetxeetan, eta 41 soilik geratzen dira".

Larriki gaixo dauden presoen inguruan esan zuen egoera "muturrekoa" denean uzten dituztela aske, eta helburua ez dela etxean sendatzea, etxean hiltzea baizik. "Ez dutena gura da gaixo daudenak espetxeetan hiltzea, arazoak ekiditeko", zehaztu zuen.

Gradu progresioan gertatzen ari den "blokeoak" ere jakinmina piztu zuen ikus-entzuleen artean, eta bozeramaileak aitortu zuen euskal preso gehienak gaur egun lehen graduan ari direla zigorrak betetzen. "Bigarren graduan 70 preso inguru daude, baina horretan aurrera ezinik geratzen badira ez dute zigorraren hiru laurdenak beteta espetxetik irteteko aukerarik", salatu zuen. Horri lotuta, adierazi zuen euskal presoak "salbuespena" direla Espainiako gainontzeko presoekin alderatuz gero.

Era berean, azaldu duen euskal presoen batez besteko adina 47 urtekoa dela eta hamaseik dituztela 45 urtetik gora. Horrez gain, 53 presok hogei urte baino gehiago daramate preso, eta, aldiz, seik, 30 urtetik gora.

Lorpen ugari

Azken hilabeteetan egindako lorpenak "asko" izan dira, Azkarragaren hitzetan. "Egindako lorpenik handienen artean dago bakartuta dagoen presorik ez dela geratzen, gaur-gaurkoz. Iaz, bazegoen eguneko hogei ordu zeldan eta beste laurak patioan egiten zituenik; hor ere bakarrik".

Osasun krisiak presoen egoera "okertu" egin duela dio –bisitak jasotzeko debekuak tarteko–, baina jendeak "arazo honekiko" konpromisoa erakusten jarraitzen duela uste du, eta, bide horretan jarraitzeko helburuarekin, datorren maiatzaren 8an Euskal Herriko mendietara igoera egitea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak