Martxoaren 8a hilabete guztira luzatzeko asmoarekin emakumea ardatz izango duen egitaraua antolatu dute Udaleko Kultura eta Berdintasun sailek elkarlanean. Ekitaldi guztietarako sarrerak astelehenetik izango dituzte salgai Arkupeko leihatilan.
Antzerki bi eta dokumentala
Hilabeteari hasiera emateko Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak Matriuska antzezlana eskainiko dute hilaren 6an, zapatuan. Historiaren parte diren aurreko emakume guztien gorputzak, izenak eta existentziak berreskuratu beharraren gainean hausnartzeko ikuskizuna izango da.
Eta hilabeteari bukaera beste antzezlan batek emango dio, martxoaren 28an hain zuzen ere. Detritus Teatrus taldeak Ovarios verdes fritos lana ekarriko du. Belen Nevadok idatzi, zuzendu eta antzeztutako ikuskizun probokatzaile eta apurtzailea da, beti ere umorea lagun izanik.
Ikus-entzunezkoarekin ere egingo diote keinu Martxoaren 8ari. Boliviako bost emakume indigenen istorioa jasotzen duen Cholitas dokumentala eskainiko dute hiru egubakoitzetan. Lanak hainbat sari jaso ditu eta askapenaren eta ahalduntzearen ikur bihurtu da.
Horiez gain Arkupeko erakusketa aretoan Maria Antonia Ugarte arrasatearrak egindako lanak izango dira ikusgai hurrengo egubakoitzetik. Olio, pastel eta akuarelaz egindako margolanak jarriko ditu Aretxabaletan bizi den artistak.
Paul San Martinen emanaldia
Musikak ere izango du lekua Zaraia aretoko oholtzan. Hilaren 21ean, Leizarra musika eskolako irakasle den Paul San Martinek piano kontzertua eskainiko du. Atlantikoaren bi aldeetako ikuspegiak jasoko dituen bidaia musikala eskainiko du horrek, eta blues, boogie, woogie eta jazz doinuak eskainiko die bertaratuko direnei.
Ipuin kontaketa umeendako
Neska-mutikoek, ostera, ipuin kontaketa izango dute martxoaren 10ean Udal liburutegiak antolatuta. Enaitz pirata ipuinen munduan saioa eskainiko die Onintze Goitizek 4 eta 7 urte arteko umeei. Izena aurretik eman behar da liburutegian, edukiera bermatzeko –22 lagunendako tokia egongo da–.
Eta hilaren 14an, Erbia eta dortoka antzezlana eskainiko die Glu Glu konpainiak.
'Mendian hil, hirian hil' bi aldiz
Bestetik, Mendian hil, hirian hil dokumentalaren beste bi emanaldi izango dira hurrengo aste bukaeran: hilaren 5ean eta 7an. Iñaki Peñak zuzendutako eta Artemanek ekoiztutako ikus-entzunezkoari harrera beroa egin diete aretxabaletarrek, eta otsailean izandako lau emanaldietarako sarrerak berehala agortu ziren.