Otsailaren 14an ospatu beharko litzateke mozorro-jaia eta astebete lehenago, bihar, Txapel Txin eguna. Hura ere ezingo da kalejiran irten aurten, eta ezingo du pregoirik egin, baina, etxean geratu gura ez, eta neska-mutikoek haren bisita jasoko dute ikastetxean.
Era berean, Santa Ageda neska-mutilek ere atzeratu egin behar izan dute jaia. 2002an jaiotako 57 lagunek beste une baterako utzi dituzte kopla-kantuak, diru-batzeak eta dantzak.
Udalak zein Karnabalen Lagunek erantzukizunez jokatzeko dei egin dute: "Gure egunerokotasuna eta ohiturak berreskuratzeko gogo handia badugu ere, une honetan horrelako erabakiak hartu behar ditugu, gogorrak baina ezinbestekoak. Horregatik, aretxabaletar guztiei zentzuz eta arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Datorren urtean merezi duten bezala ospatzea espero dugu".
Inkesta: penarik hartu duzu?
Ibai Zangitu
"Izugarria! Ez dakit negar egin barik pasatuko dudan eguna… Gure asmoa da ahal denean ospatzea, eta, 2022ra arte itxoin behar bada, bi Aratuste egun ospatuko ditugu orduan! Ez dakit inork keinuren bat egingo dion aurten, inork umorerik duen; gainera, ez dut uste halakorik tokatzen denik".
Lourdes Quintanilla
"Bai, noski; guk beti, beti ospatu izan dugulako. Nire ama ere mozorrotzen zen, eta azken urteotan bi bikote irteten gara batera. Herriko jai kuttunena izaten da, giro ederra sortzen delako kaleetan, jendeak animatzen duelako eguna. Eta oraingoan ezin bada, hurrengo urtean ospatuko dugu".
Goio Arrieta
"Bai, jairik garrantzitsuenetako bat delako. Azaro inguruan hasi izan gara gaia zehaztu eta hori lantzen: erosketak, entseguak… Eguna bera polita bada ere, aurreko lan horiek eta horren bueltan sortzen den saltsa ere gustuko ditut. Gainera, kalejira ikusi ezinaren pena geratzen zait beti".