"Quillacinga etniako emakume nekazari indigenen bizi baldintzak hobetzea" du helburu Nariñoko departamenduan dagoen Pasto hiriburuan kokatutako proiektuak. Mundukiderekin elkarlanean eta "aretxabaletar guztien laguntzarekin" garatutako proiektuak 59 emakumeri ematen die laguntza, horretarako ekoizpen agroekologikoak bermatuz, eta ostean, produktu horiek sukaldari elkarte baten bitartez zuzenki merkaturatuz.
Hiruatx elkarteak azaldutakoaren arabera, aurretik ere agroekologian saiakera egin zuten: "Ez zuen behar besteko fruiturik eman, besteak beste, merkaturatzea zaila izaten zelako. Horregatik, nekazarien eta erosleen arteko harremana sendotzea oso garrantzitsua da merkaturatze justua gertatu ahal izateko".
Koronabirusaren eragina
Asmoa jatetxeak eta nekazariak elkarezagutza prozesu batean murgiltzea dela azaldu dute: "Etorkizunean jatetxeen aldetik produktuen eskaera antolatua eta nekazarien aldetik kalitatezko ekoizpena eta bidalketa zerbitzu egokia bermatuko duena".
COVID-19 gaitzak izandako eraginaren ondorioz, jatetxe eta sukaldari horiek bazkari asko etxeetara bidaltzen dituztela azaldu du elkarteak, eta aukera hori aprobetxatu nahi izan dute: "Sare hau aprobetxatuko litzateke barazkiak ere etxeetara helarazteko eta merkaturatzea handitzeko".
"Nekazaritzak saldu egin behar du, egoera edozein izanda ere. Kolonbian, pandemiaren egoera larrienean ere, nekazariek bazuten baimena saltzen jarraitzeko, eta, hortaz, alde horretatik, mantentzea lortu da. Jatetxeetan zailagoa izan da dena. Edozelan ere, atzerapen handia eragin du proiektua martxan jartzeko orduan".
Ekuadorren, abiatu berri
Kolonbiako proiektu horrez gainera, ordea, beste bat ere abiarazi nahi izan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntzetara aurkeztea erabaki zuen Hiruatx elkarteak, baita lortu ere. Sostengu horrekin, Ekuadorko Amazonian emakume kitxuen ahalduntze ekonomikoan ere eragin nahi dute: "Ekuadorko emakume indigenek ere izango dute gipuzkoarron laguntza, kakaoaren, wayusaren eta platanoen ekoizpen katean, chakra sistema iraunkorra sustatuz".
Aretxabaletarrei, eskerrak
2020an pandemiak "gogor" jo diela azaldu du elkarteak, eta egoerak ere jardunean eragina izan duela zehaztu dute: "Aurten, ez gaituzue kalean aurkitu. Ezin izan dugu aretxabaletarron aurrean gure proiektuen berri eman, ezin izan dugu Bidezko Merkataritzako azokarik egin, baina, egoera honetan ere, elkartasuna ezin da eten, premiak areagotu egin dira. Horregatik, lanean jarraitu dugu gogor".Gogorarazi dute Hiruatx elkartea herritarren esku dagoela, eta edozein premia, kontsulta edo iradokizun izanez gero elkartearekin harremanetan jartzea eskatu dute, hiruatx@yahoo.es helbidearen bitartez.