Terrazak arautzeko ordenantza onartu du udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 15a, 08:01

Herri bidearen erabileraren eta okupazioaren gaineko ordenantza onartu zuen behin behinean udalbatzak eguaztenean egindako osoko bilkuran. Horrez gain, kiroldegiko zerbitzuak lizitatzeko oinarriak ere onartu zituzten eta EAJko Javier Marrek zinegotzi kargua hartu zuen Pili Leanizbarrutiaren hutsunea betetzeko.

Iazko urrian jarri zuen abian Udalak terrazak arautzeko ordenantza zehazteko prozesua. Herritarren zein ostalarien aldetik hamalau bat ekarpen jaso ondoren, eguaztenean egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak. "Bereziki herritarren aldetik etorri dira ekarpenak, baina gero ordenantza zehazterako orduan ostalariak oso gainean egon dira", azaldu zuen Unai Elkoro alkateak, eta gaineratu: "Ordenantza txukuna geratu da, nahiko zabala da eta uste dugu ondo funtzionatuko duela".

Ordenantza ez dela pandemia sasoirako bakarrik argitu dute eta herritar guztiendako dela zehaztu, ez bakarrik ostalariendako. EH Bilduko Ion Albizuk zera zioen: "Herritarren arteko bizikidetza arautu da, hortaz, oreka topatzean dago gakoa". Gaineratu zuen herriaren itxura asko aldatuko dela hurrengo hilabetetan ostalari askok agertu dutelako terrazak jartzeko asmoa.

Lizentziak eta ordutegia, alkatearen eskumena

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunen buruan indarrean izango da. Bertan jaso dituzte, esaterako, oinezkoak pasatu ahal izateko gutxieneko espazioak; hala, debekatuta egongo da espaloietan 2,90 metro baino gutxiagoko zabalera duten terrazak eta mahai-multzoak jartzea eta lorategiak erabiltzea. Gainera, hainbat baldintza bete beharko dituzte; hona hemen batzuk: oinezkoentzako oztoporik gabeko ibilbidea bermatu beharko da eta horrek 2 metroko zabalera izan beharko du gutxienez; eta saltokietako eta atarietako fatxada-guneak ere libre utziko dira. Terraza jarriko den kaleak ibilgailuen zirkulazioa baldin badu aparkatutako ibilgailuetako bidaiarien sarrera eta irteerak ezingo dira oztopatu. Oinezkoentzako kaleak izanez gero, Durana eta Mitarte esaterako, okupazioak kalearen ardatza hartuko du gehienez. Plaza eta espazio libreetan, ostera, bakoitzaren berezitasunaren arabera bideratuko ditu lizentzia-eskaerak Udalak.

Horiez gain, terrazetan jar daitezkeen instalazio osagarriak –toldoak, egitura egonkorrak eta berogailuak adibidez– ere arautu dituzte.

Lizentziak alkatetzatik bideratuko dituzte eta eskaera egin ondoren hiru hilabeteko epean ebatziko dute. Ordutegia finkatzea ere alkatearen eskumena izango da. Ordenantzan zehaztu dute ezingo direla mahaiak eta aulkiak 08:00ak baino lehen jarri, eta kentzeko bi ordutegi ezarri dituzte: domekatik eguenera bitartean 23:00ak eta egubakoitzetan, zapatuetan eta jai bezperetan, gauerdia –ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean ordubetez luzatuko dituzte biak–.

Ezarritako baldintzak urratzen dituztenek isunak jasoko dituzte; arau-hauste arinek 150 eta 750 euro arteko isunak izango dituzte, eta horien artean daude ordutegitik kanpo jartzea eta neurriak ez errespetatzea; larriak dira besteak beste, elementu osagarriak baimen barik jartzea eta tasak ez ordaintzea eta jasoko dituzte 751 eta 1.500 euro arteko isunak; eta arau-hauste oso larrien isunak 3.000 euro artekoak izango dira eta horien artean daude lizentziarik gabe jartzea terraza eta baimendu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.

Kiroldegiko zerbitzuak lizitaziora

Ibarra kiroldegiko kirol zerbitzuak lizitatzea ere onartu zuen udalbatzak; urtebeterako esleituko dira, lau urte arte luzagarria izanik. Oinarriak zehazteko lantalde bat osatu zuten, teknikoek eta alderdietako ordezkariek osatutakoa, eta Koldo Zubillaga zinegotziak azaldu zuen hainbat puntu zehaztu zituztela: "Esanguratsuenak dira langileen lan baldintzak hobetu egingo direla. Eta bestetik, bi multzo bereizi direla: bata osatuko dute harrerak, sorosleek, mantenimenduak eta koordinazioak; eta bestea, fitness gelak eta jarduerek. Banaketa horri esker, jarduerak gehitzeko edo murrizteko aukera izango dugu trabarik izan gabe legeari dagokionez, hau da, eskaera handia egonez gero eskaintza bikoizteko aukera egongo da, eta alderantziz, egungo egoera baten bezala, jaisteko".

EH Bilduko Albizuk lantaldean egondako prestutasuna eta gardentasuna eskertu zituen, bereziki kirol zinegotziak erakutsitako eskuzabaltasuna eta lanerako gogoa. Eta pozik agertu zen onartutako oinarriekin: "Hiru ardatz planteatu genituen pleguetan; batetik, jarduerak orduka fakturatu ahal izatea, malgutasuna izateko eta eskaintza zabalagoa egin ahal izateko. Bestetik, langileen baldintzak ziurtatzea hainbat aspektu kontuan hartuta, baita COVID-19a dela eta itxiera bat etorriko balitz ere; eta hirugarrenik, jasangarritasuna dago, Udalaren ekonomia kontuan hartu behar da eta kostua bakarrik %6 igoko da jasotako moduan esleituz gero".

Javier Mar zinegotzi berria

Bestetik, Javier Marrek (Durango, 1956) zinegotzi kargua hartu zuen eta Pili Leanizbarrutiak utzitako hutsunea beteko du: "Aretxabaletaren alde lan egiteko eman didaten aukeragatik pozik nago. Pentsatzen dut osasun eta gizarte zerbitzuen arloan sartuko naizela baina ez dakit oraindik; osasun etxearen proiektua ere hor dago…", zioen.

Javier Mar eguazteneko osoko bilkuran.

Begoña Arenaza kontu-hartzailearendako ere lehen osoko bilkura izan zen eguaztenekoa. Joan den azaroan erretiroa hartu zuen Juan Antonio Martinez de Agirreren ardurak hartu ditu horrek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak