Olatz Salvador: "Luxuzko kideak izan ditut lagun diskoan"

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 16a, 12:17
Olatz Salvador. Argazkia: Ttap

Aho uhal bakarkako bigarren diskoa kaleratu berri du Olatz Salvador Zalduak (Donostia, 1990) eta hor jasotako kantuak eta beste hainbat eskainiko ditu urtarrilaren 21ean, eguena, Arkupe kultur etxean.

Diskoaren gaineko zertzelada batzuk ematerik, bai?

Zaila egiten zait diskoa hain era zabalean deskribatzea. Hamabi kanta ditu, azken bi urte hauetan ondutakoak eta prozesu luze baten emaitza direnak. Disko kontzeptual bat da eta Aho uhal horren paradoxak dakarren binomio horrekin jolasten saiatu naiz: gazteleraz, "rienda" hitzak gidaritza bat aditzera ematen digun bezala, euskarazko itzulpenak justu kontrakoa iradoki dezake, mozal bat izatea edo norbaiten aginduen menpe egotea.

Kolaboratzaile dotoreak izan dituzu; luxua da hori?

Luxuzko kideak izan ditut, bai ekoizpenean –Pablo Novoa musikaria–, bai musikari aldetik –Ander Zulaika, Mattin Saldias eta Jagoba Salvador–, bai letragile aldetik –Alaia Martin eta Ane Labakak abesti bana idatzi dituzte– eta baita kolaborazio aldetik ere –Rozalen, Ivan Ferreiro, Garazi Esnaola, Idoia Asurmendi eta La Mare–. Beti da polita horrelako elkarlanak abiatzea. Martin eta Labaka, esaterako, miresten ditudan bi pertsona dira eta asko gustatzen zait beraien gauzak ikusteko eta azaltzeko era, hitzekin sortzen duten magia.

Idoia Asurmendi musikari aramaioarra aipatu duzu. Gaztea da baina indartsu datorrena…

Hori da! Berak sareetara igotako bertsio batean deskubritu nuen eta oso argi ikusi nuen etorkizun oparoa izango zuela. Askotan entzun nuen bertsio hura eta, diskoan kolaborazioak pentsatzerako garaian, ideia ona iruditu zitzaigun jende gaztearekin ere kontatzea, beraientzat ere erakusleiho izan daitekeelako eta guretzat saretzeko beste era bat, ekarpen artistikoaz gain. Orain justu entsegu lokala partekatzen hasi gara eta harreman polit baten hasiera izan da hau dena.

Bandak lagun eginda zatoz, musikari trebeekin, ezta?

Nire oraingo banda berria da eta ez dugu orain arte elkarrekin kontzerturik eman. Baina, bai, hasieratik oso giro ona sortu da gure artean, jende oso jatorra eta profesionala da eta asko gustatzen zait beraiekin aritzea. Hasiera batean, Julen Idigoras, Borja Anton eta Ander Merino izan ziren kontzertuetan nirekin eta, ordutik, aldaketak izan ditut, egoerara moldatu nahian, baina beti oso gustura aritu naiz guztiekin.

Zintzilik lehen bakarkako lana 2018an kaleratu zenuen; zelan eboluzionatu duzu ordutik?

Ez da galdera erraza niretzat; agian kanpotik gehiago nabarituko dute nik neuk baino. Ikasketa konstante bat izan da; hemendik kanpo dagoenak ezin du imajinatu zenbat lan dagoen proiektu baten kudeaketan eta zein zaila den hau dena aurrera ateratzea, lan ikusezin asko dagoelako. Agian, pixkanaka, segurtasuna irabazten ari naiz, baina ez guztiz, erronka berriak suertatzen zaizkidalako aldi oro eta nire burua berrasmatzeko beharra ikusten dut, amildegi berriak iristen zaizkidalako. Hori ederra da, noski, baina kudeatzeko lanketa emozional handia egin behar izan dudala aitortu beharra dut.

Pandemia gogorra izaten dabil herritar ororentzat, baita kultur sortzaileontzat ere. Zelan bizi duzu zuk?

Gorabehera asko izan ditut eta momentu baxuak ere bai. Oraindik ere baditut eta normalean baino tristeago sumatzen dut neure burua; aldi berean, zorteko sentitzen naiz, aukera asko eskaini dizkidatelako eta lan asko egin ahal izan dudalako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak