Aretxabaletako hainbat tabernek eta jatetxek zabalduko dituzte ateak gaur

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 8a, 08:35

Aretxabaletako taberna bat itxita, eguaztenean.

Gabonetako sasoi "oparoa" galdu dute Aretxabaletako tabernek eta jatetxeek; izan ere, ia bi hilabete egin dituzte ateak itxita. Atzo, eremu gorritik irten zen herria, eta berriro zabaltzeko aukera izanik askok erabaki dute irekitzea, zalantzak ere izan arren.

Aretxabaleta eremu gorritik atera zen atzo, eguena, intzidentzia-tasa 451,98 izanik –14 egunetako tasa 100.000 biztanleko– eta, ondorioz, ostalaritza zerbitzuek zabaltzeko aukera izango dute gaur. Datua jaso orduko bilera egin zuten ostalariek atzo eguerdian, eta gehienak agertu ziren zabaltzearen alde. Hala ere, "ziurgabetasun handiaren" aurrean, ostalariek oso kezkatuta jarraitzen dute.

Gabonetako galerak

Ia bi hilabete egin dituzte itxita, azaroaren 7tik abenduaren 12a bitartean lehenengo, eta ondoren, abenduaren 18tik atzo arte. Hala, Gabonetan ez dute zabaltzeko aukerarik izan, eta hori "galera handia" izan da, Orly tabernako Igor Ezkibelek dioenez: "Gabonetan jasotzen den dirua oso garrantzitsua da, gero maiatz inguru arte irauteko. Aratuste-domeka salbuespen izanik, gainerakoan, maiatzera arteko hilabeteak behe denboraldia dira". Dagda tabernako Nerian Perezek berretsi egin du hori: "Jendea oporretan egoten da Gabonetan, eta hilabete oso polita izaten da negoziorako".

Zabaltzeko aukeraren aurrean zalantzak izan dituzte ostalariek: "Hiru egunerako bakarrik ez nuke zabalduko. Eta baldintzak jakinda; 18:00etarako itxi behar izanez gero ez dudalako negoziorik, eta gastuak, ostera, bai", dio Ezkibelek, eta Perezek gaineratu du: "Bost langile ditut nik, eta ondo pentsatu beharko nuke noiz zabaldu. Oraingoan, uste dut aurrera egingo dudala".

Ia bi hilabete izan dituzte ateak itxita eta askok erabaki dute gaur zabaltzea. Dena den, oso kezkatuta jarraitzen dutela adierazi du Ezkibelek: "Asko daude larri eta urduri; gainera, Udalaren laguntzak oraindik ez dira iritsi. Ez dakigu noiz arte iraungo duen egoerak, eta horrek urduritasuna areagotu egiten du".

Elkarretaratzea gaur

Egoeraren berri emateko eta erreskate plan bat eskatzeko hainbat ekitaldi egin dituzte azken egunetan, eta horiekin jarraitzeko asmoa agertu dute; gaur, egubakoitza, Herriko Plazan elkartuko dira, 20:00etan.

Gainera, astelehenean, Euskadiko ostalariek egindako deialdiarekin bat egin eta Lakuara, Gasteizera, joango dira: "Gure eskaerak eramango dizkiegu". Hain zuzen, egun horretan elkartuko da LABI, neurri gehiago hartu edo ez erabakitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak