Urte oparoa izan da 'Erraiak' filmarendako

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 9a, 09:09

Ekain Martinez de Lizarduy Eskoziatik bidalitako garaikurrarekin.

Ekain Martinez de Lizarduyk, Arteman Komunikazio Taldearekin batera, irrintziaren gainean egindako ikus-entzunezkoak interes handia piztu du nazioartean eta dagoeneko hamabi sari baino gehiago eskuratu ditu, besteak beste, Uruguain eta Indian.

Orain dela bi urte pasatxo, 2018ko abenduaren 1ean, estreinatu zen Erraiak filma, eta orduan ereindako haziak uzta oparoa jaso du 2020an. Harrituta eta era berean oso pozik dago Ekain Martinez de Lizarduy zuzendaria euskara eta, irrintzia bera, beste kultura eta sinismen batzuetara zabaldu izanarekin.

Dozena bat sari

Uztailean iritsi zen lehenengo saria, Montevideotik hain zuzen ere, eta horregatik bakarrik berezia izan zen Aretxabaletan bizi den zuzendariarendako. Horren ondoren, dozena bat etorri dira erreskadan: "Hamabi bat uste dut izan direla; New Yorken, Erroman, Indian, Israelen, Los Angelesen, Eskozian… jaso ditugu. Azken bi horietan, gainera, publikoaren saria eskuratu du, eta horrek beste gehigarri bat ematen dio". Sariek ez dute dirurik ekarri, baina ez du horrek arduratzen: "Ez dugu euro bat ere jaso. Baina egindako lanari aitortza dira, eta era berean, zabalkundea emateko modua".

Lehenengo zinema jaialdietara zuzendariak berak bidali zuen filma, baina ondoren, beste hainbatetatik eskatu egin diote aurkezteko: "Munichetik, Indiatik eta Hego Koreatik, adibidez, eskatu didate bidaltzeko. Ez dakit zelan izan den salto hori, baliteke epaimahaikideak euren artean ezagutzea eta hortik etorri izana. Bat-batean bizitza propioa hartu du filmak".

Euskararekin harrituta

Pozik dago harrera beroa izan duelako Erraiak-ek toki guztietan: "Euskarak harritu ditu asko, eta gero, oihuen munduak. Europan bertan ere bai". Pandemiaren erruz jaialdietan bertatik bertara egoterik ez du izan Martinez de Lizarduyk: "Martxoan, baina, konfinamendua baino astebete lehenago, Bartzelonan izan nintzen, Euskal etxean. Filmin plataformaren sustatzaileetako bat zegoen han eta hari esker hor ere badago".

Hurrengo proiektua buruan

Irakaslea da Martinez de Lizarduy baina beste proiektutxoren bat badaukala buruan aitortu du: "Hurrengoan, animatzen banaiz behintzat, film labur bat egingo dut, Gerra Zibilarekin zerikusia duena. Baina horretarako barne indarra behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak