Erreskatea eskatzeko elkartu dira herriko ostalariak

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 21a, 14:45

Aretxabaletako ostalarien elkarretaratzea.

Gaur, astelehena, hasita egunero elkartzeko asmoa agertu dute herriko ostalariek, bizi duten egoera larriaren berri eman eta erreskatea behar dutela jakinarazteko. 29 ostalaritza zerbitzu inguru daude Aretxabaletan, eta horien ordezkariak, hainbat herritarren babesarekin, Herriko Plaza barrenean izan dira.

Udalak hainbat laguntza hitzartu ditu haiekin, batzuk zuzenak eta beste batzuk tasen bitartez. Baina ostalariek uste dute kontua ez dela Udalarena, Eusko Jaurlaritzarena baizik, eta hari begira jarri dira. "Laguntzak etorriko zirela esan ziguten, 3.000 euro artekoak, baina oraindik inork ez ditu jaso horiek", adierazi dute eta gaineratu: "Baina laguntzak ez dira irtenbidea, ezin gara bizi horiekin, ez dugulako ordainduko guztia". Horregatik, hain zuzen ere, erreskatea eskatzen dabiltza.

Indarrak batze aldera, Gipuzkoako gainerako ostalariekin ere harremanetan jarri dira. Hala, gaur, Beasaindik Lasarte-Oriara egindako auto-karabanan hartu dute parte batzuek, eta bihar, Arrasateko ostalariek egingo duten mobilizazioarekin egingo dute bat; 12:00etan izango da.

Pilaketen aurka

Joan den zapatuan egindako Neguko Azokan "herritarren pilaketak" izan zirela kalean uste dute ostalariek, eta sare sozialetan minduta agertu dira. "Gu ez gaude azokaren aurka, pilaketen aurka baizik, edozein lekutan direla pilaketa horiek. Ostalaritzak ondo zaindu ditu eskatutako neurri guztiak, baina itxita dagoen bakarra da", adierazi dute.

Babes eske herritarrei

Abenduaren 12an zabaldu zituzten ateak herriko ostalariek, gainerako herri gehienetan legez, neurriak malgutu zituenean Eusko Jaurlaritzak, baina 18an itxi beharrean izan ziren berriro, Aretxabaletako intzidentzia-tasa 500etik gora igo zelako. Itxiera horrek 29 zerbitzuri eragiten diola adierazi dute, 93 langileri, hain zuzen ere. Kasurik onenean 90 egun inguru daramatzatela lanik egin ezinik diote, eta horregatik, herritarrei eskatu diete babesa adierazteko SOStalaritza dioten poltsa beltzak jarrita balkoietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak