Laugarren Dan maila eskuratu du Odilo Vazquez karate entrenatzaileak

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 23a, 09:02

Odilo Vazquez, Oxel eta Odei semeen artean.

Aretxabaleta kirol elkarteko Karate Sailak laugarren Dan maila duen irakaslea dauka. Abenduaren 5ean, Getxon egindako proban eskuratu zuen hori Odilo Vazquez aretxabaletarrak, eta gaur gaurkoz bi karateka bakarrik daude Debagoienean maila hori dutenak; bestea Bergaran.

"Pauso garrantzitsua da; orain dela 20 urte atera nuen hirugarrena, eta horregatik, garrantzi handia du niretzako", adierazi du Vazquezek. Ikasturteko erronken artean jarri zuen Karate Sailak maila hori eskuratzea, eta pandemia egoerak aurreratu egin duela hori dio: "Prestatzeko astia izan dut eta kiroldegian entrenatzen utzi digutenez, uztailerako utzi beharrean azterketa, orain, abenduan eskuratu dut".

Gipuzkoar bakarra azterketan

Goi mailako zazpi kata eta oinarrizko lau kata gertatu behar izan zituen probarako, eta gero, bunkai bat, goi mailako kata horietako baten aplikazioa; bi semeekin prestatu zuen hori. Defentsa pertsonalaren hamar teknika ere garatu behar izan zituen, eraso ezberdinak, blokeoak eta itotzeak, esaterako, eta horretan ere semeek lagundu zioten. Goma elastikoekin lan bat ere egin behar izan zuen. Hori guztia bost epaile nazionalen aurrean egin zuen: "Ordu erdi inguruko azterketa izan zen, eta sei hilabetetako lana dago jokoan. Gustura geratu nintzen egindakoarekin, eta epaileek ere hala baloratu zuten, hortaz, pozik". Lehenengo Dan mailatik bosgarren mailara artekoa eskuratu gura zuten jokalariak elkartu ziren Getxon, eta horien artean gipuzkoar bakarra izan zen Vazquez. 

Lanean geratu barik

Erronka pertsonala lortuta gustura dago baina elkartearendako ere pauso garrantzitsua dela uste du: "Lanean jarraitzen dugula erakusten du". Semeak ere mailaz igotzeko lanean jarrai dezaten gurako luke: "Odeik hirugarren Dan maila lortzeko eta Oxelek bigarrena. Horiez gain, Joanna Perez taldekideak lehenengo Dan gertatzea ere nahiko nuke. Lehiaketa guztiak bertan behera geratu dira, hortaz, denbora aprobetxa dezakete". Dena den, badaki ez dela samurra izango entrenatzeko zailtasunak dituztelako: "Nik eta semeek zortea dugu; familia unitatea garelako utzi egin digute kiroldegian, baina bestelakoan, ezin". 

Aurtengo ikasturtean 30 ikasle inguru ditu, baina karate jokalariendako ere ezohikoa izaten dabil. Martxoan bertan behera utzi zituzten entrenamenduak eta irailean berriro ekin zieten; urrian, baina, berriro geratu beharrean izan ziren: "Orain esan digute helduok entrena genezakeela baina egoera ikusita Gabon ostera arte behintzat itxoin egingo dugu". 

Hogei urtetik gora 

Hogei urtetik gora daramatza Vazquezek Aretxabaletan eskolak ematen: "1998an hasi nintzela uste dut, kirol etxe zaharrean. Eta orain luxuzko tokia dugu. Kanpotik datozenak harrituta geratzen dira, daukagun kiroldegia eta tatamia ikusita".

Oraingoz behintzat, erretiroa hartzeko asmorik ez du: "Neska-mutikoak pozik ikusten ditudan bitartean jarraituko dut eskolekin. Eta ni neu ere oraindik sasoitsu sentitzen naiz; gero eta muga gehiago ditut bizkortasunari, dagokionean, esaterako, baina malgutasuna eta elastikotasuna oraindik baditut. Eta ni baino nagusiagoak ere badaude". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak