Herritarrek ere aukeratu ahal izango dute erakusleiho gustukoena aurten

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 17a, 07:10

Erakusleiho lehiaketa abian da. Herriko saltoki guztiek dute parte hartzeko aukera, eta horretarako, ez dago izenik eman beharrik. Aditu batek osatutako epaimahaiak hautatuko du onena, baina aurten, herritarrek ere eman diezaiokete botoa gustukoenari. Horretarako epea abenduaren 23a arte izango dute zabalik, eta botoa emandakoen artean 50 euroko bonua zozketatuko du Udalak.

Erakusleihoetan denda horretan salgai dauden ohiko artikuluak agertu beharko dira eta 21:00ak arte argiztatuta egotea gomendatu dute epaimahaiaren lana errazteko.

Erakusleiho onena aukeratzeko orduan honako ezaugarri hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: kalitatea, publizitate mezuaren imajinazioa, originaltasuna, eraginkortasuna eta argien erabilera, besteak beste. Irabazlea hautatuko du horrek, baina bigarren sari bat ere banatuko da, herritarren boto bidez aukeratua; abenduaren 16tik 23ra bitartean botoa uzteko aukera izango dute Arkupen jarrita dagoen kaxa batean. Botoa ematen duten guztien artean 50 euroko bonu bat zozketatuko dute Aretxarteko dendatan gastatzeko.

Sari banaketa abenduaren 28an

Irabazlearentzat Aretxarteko dendatan gastatzeko 300 euroko balioa duen bonua izango da saria. Horrez gain, irabazleak plaka bat jasoko du iazko irabazlearen eskutik. Plaka urtero lekuko gisa, irabazletik irabazlera, pasatzen da eta dendako erakusleihoan ikusgai egoten da urte osoan. Bigarren sarituak, ostera, 150 euroko balioa duen bonua jasoko du.

Sari banaketa abenduaren 28an egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak