Leire Urretxo: "Funtsezkoa da lan munduan parekidetasuna lortzea"

Karmele Uribesalgo 2020ko abe. 12a, 09:30

Iaz egin zuen Aretxabaletako Lanbide Eskolak Automozioko Emakumeen Topaketa, eta bigarren edizioa prestatzen ari dira. Urtarrilaren 27an izango da. Aretxabaletako Lanbide Eskolako irakaslea da Leire Urretxo.

Zer egingo duzue aurten?

Egoera dela eta, birtuala izango da. Hiruzpalau hizlari izango ditugu, automozioan lanean dabiltzan emakumeak izango dira, eta moderatzaile batek gidatuko ditu. Mahai ingurua jarraitzera gonbidatuta egongo dira Automozioko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak.

Zein da topaketaren helburua?

Batez ere, bideratuta dago gaur egun Automozio ikasketak egiten dabiltzan neska horiei eredu batzuk erakustera. Nahi duguna da eurek ezagutzea beste emakume batzuen esperientzia. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaigu emakume horien lana ikusaraztea. Neska gutxi izaten dira arlo industrialean, orokorrean, eta, espezifikoki, automozioan. Animatzeko era gisa aurkezten dugu topaketa, sentitu dezaten inguruan badituztela euren moduko beste neska batzuk. Gure ikastetxean, esaterako, ehun ikasle inguru ditugu, eta neska bi bakarrik daude.

Zein da emakumeen egoera automozioan?

Normaltasunez daramatzate bai ikasketak baita harremanak ere, baina egia da oraindik ere kopurua oso txikia dela.

Aukera ezberdintasuna nabari duzue?

Esango nuke salto bat emateko beharra dagoela. Azken boladan, enpresetatik emakumezkoak eskatzen dizkigute, eta, beraz, badago eskari bat, baina ez da neska askorik izaten Automozioko ikasketak egiten. Tailerretan oraindik aurrerapausoak eman behar ditugu. Poliki-poliki aldatzen doa joera, eta horretan ari gara gu ere, hori aldatu nahian.

Jendearen ikuskera aldatzen doa, beraz.

Joan den urteko topaketa antolatu genuenean, tailerretatik eta enpresetatik sekulako bultzada jaso genuen, eurek ere ikusten dutelako beharra dagoela eta onuragarria dela, ez bakarrik arlo honentzat, baita gizarte osoarentzat ere. Funtsezkoa da lan inguruan parekidetasuna lortzea.

Zer esango zenioke mundu horretan sartu nahi duen neska bati?

Benetan gustuko badu, ikasteko, beldurrik ez izateko. Aukera baldin badauka bere lanbidea hautatzeko eta gustatzen zaiona egiteko, ez dezatela izan inolako aurreiritzirik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak