Juan Antonio Martinez de Agirre: "Aurrekontu orekatua izatea da erronka urtero"

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 12a, 10:14

Ia berrogei urte egin ditu Aretxabaletako Udalaren diru kontuak zaintzen eta joan den azaroan erretiroa hartu zuen Begoña Arenaza Bengoaren esku utzita ardura.

Zientzia Ekonomikoetan lizentziatu eta 1981ean sartu zen lanean Juan Antonio Martinez de Agirre (Aretxabaleta, 1957) udaletxean lanean, Jesus Mari Herrasti Erlogorri alkate zela.

Zenbat alkate ezagutu dituzu?

Bederatzi gogoratzen ditut.

Eta inorekin izan duzu arazorik?

Ez. Batzuekin lan egitea zaila zen benetan, baina arazorik ez dut izan inorekin.

Lehenengo agintaldi hartako Udal aurrekontuak zenbatekoak izaten ziren?

Ez naiz gogoratzen ondo baina oraingoekin alderatuta oso txikiak. Lehen urteetan, batez ere garrantzia obrak egiteari ematen zitzaion, eta logikoa zen azpiegitura guztia egiteke zegoelako.

Udalaren dirua zeurea balitz bezala zaindu izan duzun fama daukazu. Zuzen ibili zaren seinale?

Beti izan da oso garrantzitsua ekonomikoki saneatua egotea eta aurrekontuen egonkortasuna mantentzea. Eta hori lortzeko kontrol zehatza eraman behar da. Gastuak egitea oso erraza da baina hori egiteko finantziazioa bermatuta egon behar da eta diru-sarrerak lortzea ez da hain erraza.

Zure aholkuak eskatu izan dizkizute ordezkari politikoek?

Beste lan batzuen artean, idazkaria eta kontu-hartzailea korporazioaren erabakiak legezko araudia betetzen dituztela ziurtatzeko daude. Beti galdetzen dute nola egin gauzak eta bai, kasu egiten dute.

Kexa asko jaso izan dituzu?

Departamentuan ez dugu kexa asko jaso izan herritarrengatik. Jendea galdezka etortzen da, eta erantzuna jaso  ondoren, eskerrak emanda joaten da euren zalantzak argituta. Ohikoenak uraren kontsumoari buruzkoak izaten dira.

Aretxabaletako Udala noizbait larri egon da diruari dagokionez?

Bai. Agintaldi baten arazo dezente izan genituen eta nahiko gaizki ibili ginen langileen soldatak zein fakturak ordaintzeko.

40 urtetan aldaketarik handiena non igarri duzu?

Batez ere zenbait arazori irteera ematerako orduan. Gaur egungo  gizartea, orain dela berrogei urtekoarekin alderatuta dezente konplexuagoa da; honek arazo berriak dakartza eta hauei irteera emateko sortzen doaz lanpostu eta departamendu berriak, administrazioa handitzen doala. Lanean hasi nintzenean udaletxean hamar pertsonak lan egiten genuen, eta gaur egun berrogeita hamar batek. Aretxabaletak, beste herri batzuekin alderatuta, beti izan du pertsonal kopuruari dagokionez, portzentaia txikienetakoa.

Ogasun Sailari dagokionez erronkarik badago etorkizunera begira?

Urteroko erronka garrantzitsuena izaten da aurrekontu orekatu bat izatea. Ea gaur egungo bi talde politikoek ados jarri eta lortzen duten.

Zure ordez BegoÒa Arenaza sartu da, zure alboan urteak egin dituena.

Nahiko gogorra izan den oposizio lehiaketa irabazi du eta nik uste dut esku onenetan gelditu dela lanpostua.

Besterik esan nahi baduzu…

Gauza bat nahi nieke esan teknikari eta politikoei: zerbitzu edo aktibitateen giza-errentagarritasuna neurtzea ezinbestekoa da. Hau da, ez neurtu soilik zenbait ekintza egiten diren baizik egiteak merezi duen edo ez ratioak aterata. Eta ikusten bada errentagarritasun txikia dutela ez errepikatu hurrengo urtean, beti daude eta aurre egin beharreko beste behar batzuk edota ahaztuta geratzen diren jarduerak. Azkenik alkate eta zinegotzi guztiei eskerrak ematea, haien prestakuntza eta ikuspuntutik gauza asko ikasi ditudalako eta nola ez, nire lankide izan diren guztiei eskerrik beroena laguntza eta lankidetzagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak