Baldomera Mendizabal: "Jende askok agurtzen nau baina nik ezagutu ez"

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 7a, 18:58

Baldomera Mendizabal, Gellaora bidean, azaroaren 30ean. Argazkia: Isasmendi.

Otsailean 101 urte beteko ditu eta airosa ibiltzen da oraindik Gellao eta Izurieta auzoetako bideetan. Bista eta entzumena jaitsita izan arren burua argi dauka.

Gellao auzoko Uritte baserrian jaio zen 1920ko otsailean, gripe izurritea bukatu zen urtean. Osasun oneko emakumea, burua argi du oraindik, eta hankek ere jarraitzen diotenez ia egunero irteten du paseatzera.

Gellao aldera joaten zara, zeure jaiotetxeraino?

Ez, ez, hori urrun dago auzoaren erdigunetik, ia beste horrenbeste ibili behar da. Basoko airea dut gustuko, eta Izurietara ere joaten naiz; paraje horietan asko ibili barik iristen naiz basora.

Osasunak laguntzen dizun seinale…

Aitzakia batzuk izaten ditut, ez pentsa! Neskatila nintzela asto gainetik jausi nintzen eta bizkarrezurreko hiru orno zapaldu zitzaizkidan. Baina zainduta, aurrera egin nuen. Orain, entzun gero eta gutxiago egiten dut eta bista ere asko jaitsi zait, glaukomaren erruz.

Erosketak egitera ere joaten zara?

Bai, bai. Jende askok agurtzen nau kalean, nik, ostera, inor ez dut ezagutzen… Baina inork ez dezala pentsa ez dudala agurtu gura, ondo ez dudanez ikusten ezin ezagutu.

Ibiltzeko, baina, ez duzu arazorik…

Belauneko minez ibili nintzen sasoi baten eta lagun batek esan zidan azeri-buztana izeneko belarrarekin sendatzen zuela berak, aloe-verarekin egindako kremarekin batera. Joan nintzen neu ere azeri-buztana jasotzera, ugari baitago, eta hasi nuen tratamendua. Ez nion igarri hobekuntzarik eta hirugarren aldiz egindakoan hanka handi-handi egin zitzaidan eta granoz bete. Orduantxe akordatu nintzen autobide azpian jaso nituela azeri-buztanak eta kutsatuta egongo zirela! Medikuarengana joatea ez dut gustuko baina joan behar izan nuen. Ordutik nahiko ondo nabil, zainduta, baina ondo. Ibiltzeko gogoa ere badut, eta saiatzen naiz egunero ematen bueltatxo bat.

Oñatin ere bizi izandakoa zara.

Bai, senarra hangoa nuen eta urte batzuk egin nituen, ezkondutako bizimodua ezagutzeko beste. Alargun geratu nintzen gero, orain dela 41 urte. Zaharren egoitzan egiten nuen lan, eta erretiratu ondoren, Aretxabaletara itzuli nintzen ahizpei laguntzera. Juanita ahizparekin bizi naiz orain.

Horren aurretik beste lan batzuetan ere ibilia zara.

Neska gaztea nintzela, Donostian izan nintzen lanean hainbat udatan, familia aberats baten etxean; industria-ingeniari ezagun bat zen. Sukaldaria, bi laguntzaile eta ni, zerbitzari lanak egiteko, geunden. Lau bat uda egin nituen, eta ederto etorri zitzaidan; asko ikusi eta ikasi nuen han.

COVID-19a iritsi da orain…

Halakorik ez dugu ezagutu orain arte… Ni jaio nintzen urtean gripe txarra izan zela kontatzen zuen amak, eta orduan gaixotu ez ziren bakarrak izan zirela berakatzak garraiatzen zituztenak, beste guztiek pasatu zutela. Ez dakit hala izango zen baina nik berakatzez beteta dut etxea. Zaintzen ahalegintzen gara, eta aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak