Askotariko ikuskizunek eta estiloek bat egingo dute martitzenean hasita Arkupen. "Ezohiko abendua izango da, eta herritarrak animatzeko asmoarekin antolatutako egitaraua da, beti ere segurtasun neurriak zainduta. Herritarrek hain gustuko duten gospel emanaldia egongo da, baita bertso saioa eta organo kontzertua ere", adierazi du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak eta gaineratu: "Umeendako eskaintza indartzen ere saiatu gara aurten ezingo delako kalean egin Errege Magoen zein Olentzeroren kalejirarik. Hala ere, gutunak jasoko ditu horrek, hortaz, lasai egon daitezela".
Garmendia eta Plazaola
Umeendako ikuskizunekin emango diote hasiera abenduko egitarauari. Potx eta Lotx pailazo oÒatiarrek Lehiatzera ikuskizuna eskainiko diete neska-mutikoei hilaren 8an, eta Kantu Kolore taldeak, Ametsen urtebetetzea antzezlan musikatua, hilaren 13an.
Helduek ere izango dute eskaintzarik. Andoni Mutiloa aktore eta gidoilariak Esnatu naiz kabaret estiloko lana aurkeztuko du; antzerkiaren, dantzaren eta musikaren bidez, identitatea, giza harremanak eta sexualitatea izango ditu hizpide. Eta Txalo Produkzioak konpainia, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola protagonista dituen Losers (Galtzaileak) lanarekin etorriko da.
Gospela eta bertsoak
Musikari dagokionez, Oreka TX taldeko txalapartariek Koklea lan berria aurkeztuko dute. Boskotearen azken urteetako ibilbide musikala errepasatzen du proiektu horrek. Guztiz bestelako doinuak ekarriko ditu Aitor Olea Juaristi organo-jotzaileak, eta emanaldi hori parrokian izango da. Gospelak ere ez du hutsik egingo eta The Upper Room taldeak kontzertua eskainiko du azken urteetan legez.
Bertso jaialdia ere urteroko hitzordu bihurtu da. Punta-puntako bertsolariak izango dira oraingoan ere oholtzan: Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Iker Zubeldia. Eta Amaia Agirre arduratuko da gaiak jartzeaz.
Erakusketa aretoan, ostera, Itzal Zubillaga Alberdik Eskuen hitzak argazki-proiektua izango du ikusgai. Aretxabaletan bizi den gatzagar gazteak Klik Klak lehiaketa irabazi zuen Unify lanarekin.