Aretxabaletako Euskaraldia batzordeko kideek martitzenean egin zuten bilera, datozen bi asteei begira Euskaraldiaren bueltan zenbait erabaki hartzeko. Batetik, orain arte egindakoaren errepasoa egin zuten. Bestetik, entitate guztiei Euskaraldiko ariketan jardungo dutela adierazten duten identifikatzaileak banatuko dizkietela erabaki zuten, eta, beste zenbait konturekin batera, ahobizi eta belarriprest txapak banatzeko ezarriko dituzten mahaien egutegia egin zuten.
Euskaraldiko txapak jasotzeko
Gaur, 16:30etik 18:00etara Iralabarri eta trenbidearen artean egongo dira Aretxabaletako batzordekideak txapak banatzen. Azaroaren 8an, 12:30etik 14:00etara bitartean, Portasoleko okindegian eta Kalebarreneko plazan. Azaroaren 11n, 18:00etatik 19:30era, kirol etxean. Azaroaren 14an, 18:00etatik 20:00etara, Martin erloju-denda aurrean. Horrekin batera, azaroaren 17an eta 19an, 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 19:30era, udaletxe zaharraren parean egongo dira, Euskaraldian izena eman eta txapak jaso ez dituztenei banatzen.
Bizarro taldearen kontzertua
Zapatuan, 19:00etan, Bizarro taldearen kontzertua izango da Arkupen. Sarrera bost euro da, eta 685 75 67 29 telefono zenbakira Whatsappez edo euskara@ loramendielkartea.eus helbidera idatzita erreserbatu daitezke. Ateak 18:30ean irekiko dituzte, eta, edukiera mugatua izanda, bertara joaten direnek oñatiarren rock ilun eta gogorraz gozatu ahal izango dute.
Orain arteko balorazioa
"Gazi-gozoa izaten ari da. Zenbakiei erreparatuz ondo ari gara. Iaz, 1.000 norbanako inguruk hartu zuten parte, eta, gaurgaurkoz, 600dik gora aretxabaletarrek eman dute izena. Hala ere, herritarren mingainetan mundu guztian dagoen gai berbera dago bolo-bolo, koronabirusa, eta Euskaraldiari kostatzen ari zaio indarra hartzea. Hala ere, esperantzaz gaude, eta gure aurreikuspena da datozen bi asteetan izen-emate handia egongo dela. Horrekin batera, ekitaldiak antolatzea ez dago samur, baina egoerari aurre egin behar diogu…", adierazi du Eñaut Zubizarretak, Aretxabaletako Euskaraldiko koordinatzaileak.
Ro taldearen emanaldia
Eskarmentu handiko musikariek osatzen duten Ro taldearen emanaldia ere antolatu du Aretxabaletako Euskaraldiak. Azaroaren 20an 19:00etan izango da emanaldia, Arkupen.