Banda zabala Aretxabaletako landa auzoetara eroango dute

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 6a, 14:17

Interneterako konexio ultra-azkarra zortzi auzotako ehun bat baserri eta etxebizitzatara zabaltzea da asmoa, eta azpiegitura hori ezartzeko egin beharreko inbertsioa Foru Aldundiak eta Udalak erdibana ordainduko dute.

Banda zabala landa auzoetara eramateko lanean dabil Udala. "Landa ingurunearen eskaera handienetako bati erantzun nahi zaio proiektu honen bidez, abiadura handiko Interneterako konexioa gune hauetara hedatuz", adierazi dute Udaletik.

Proiektu hori aurrera eroateko, Foru Aldundiak abian jarritako LandaGipuzkoa programara aurkeztu da. Zuntz optikoaren bidez banda zabal ultra-azkarra landa ingurune osora zabaltzea da deialdi horren erronka nagusietako bat: "Gune horietako biztanleek bizitzeko eta lan egiteko baldintzak izatea, eta, azken finean, hiri ingurunearen pareko zerbitzu eta ongizate maila".

Udalak zortzi landa gunetara zabaldu gura du sarea; hona hemen horiek: Oro, LarriÒo, Aozaratza, Areantza, Goroeta, Apotzaga-Etxebarri, Galartza eta Isurieta. Guztira, ehun bat eraikinetara eramatea aurreikusi dute. Proiektu horretatik kanpo geratuko lirateke Arkarazo elizatea eta Galartzako zenbait puntu, teknologia hori dagoeneko badutenak, baita Isurietako gune bat ere, non operadoreek "hiru urteko epean konexioa bermatzeko interesa" agertu duten. Sakabanatuen dauden baserrietara eraman ahal izateko, ostera, aurrerago aztertuko dute proiektuaren bideragarritasuna.

200.000 euroko inbertsioa

Foru Aldundiak kudeatuko du sistema horren ezarpena eta lurralde osorako egin dute deialdia. Aretxabaletaren kasuan, 200.000 euro inguruko inbertsioa egingo da, eta Aldundiak eta Udalak erdibana ordainduko dute. Behin lan horiek esleituta, 18 hilabeteko epea izango dute burutzeko.

Unai Elkoro alkateak nabarmendu du Udalak egin duen apustua, "landa ingurunean beharrezko konexioa eta teknologia berrietarako sarbidea" erraztuz. Haren iritziz, "eten digitala hausteak lehentasuna" izan behar du: "Sarearen erabilera eguneroko beharra bihurtu da, eta pandemiaren egungo egoeran are gehiago. Komunikazioa eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea bermatzea da helburua, besteak beste telelanerako eta online hezkuntzarako, baita aisialdirako ere". Eta gaineratu du administrazio gisa, beharrezko ahaleginak egin behar dituztela azpiegitura hori, eskatzen duten baserrietara iristeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak