Plazeren eta desiren gainean jardungo dute ikuspuntu feministatik, datorren egubakoitzean

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 30a, 18:46

Plazerrak eta desirak. Ikuspuntu feminista eta ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegitik saioa izango da azaroaren 6an eta Desmontando a la Pili sexologiako emakume profesionalen kooperatibak bideratuko du. Izena emateko epea zabalik dago eguaztena arte.

Setem Hego Haizea GKEak eta Udaleko Berdintasun Sailak elkarlanean antolatutako jarduerek jarraipena izango dute azaroan. Hurrengo egubakoitzean, hilaren 6an, Plazerrak eta desirak. Ikuspuntu feminista eta ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegitik saioa eskainiko dute Arkupen (17:00-20:00). Azaroaren 18an, ostera, Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministak No hay matriarcado ni en el supermercado bakarrizketa gidatuko du.

Plazera ikuspuntu feministatik

Ikuspuntu feminista eta antikapitalistatik sexuaren gainean berba egiteko aukera eskaini gura du ikastaroak Setem Hego Haizeako kide den Edurne Gallok azaldu duenez: "Gure hezkuntza sistema matxista eta kapitalista honetan sexuaren inguruan saldu dizkigutenak ezbaian jarriko ditugu, coitocentrismoa esaterako; penetraziorik ez badago ez dagoela plazerik dirudielako", eta gaineratu du: "Emakumeen plazera tabutzat hartu da, gure heziketa prozesu horretan. Aldatuaz doaz kontuak baina gura duguna da aldatzen jarraitzea eta horretarako erremintak bideratzea. Horregatik zalantzak eta iradokizunak erantzungo dira konfiantzazko giroan".

Hori bideratuko du Zaragozako Desmontando a la Pili sexologiako emakume profesionalen kooperatibak eta, handik ezin direnez etorri, parte-hartzaileak Arkupeko bigarren solairuko gelan bilduko dira streaming bidez jarraitzeko saioa (gazteleraz). Izena emateko epea azaroaren 4ra arte egongo da zabalik Arkupen edo berdintasuna@aretxabaleta.eus-en.

Irantzu Varela hilaren 18an

Bestalde, azaroaren 18an Irantzu Varela feminista ezagunak kontsumoarekin eta indarkeria matxistarekin zerikusia duten gai ezberdinen inguruan hausnarketa sustatuko du, umore garratzak lagun eginda. Estetika, energia eta telebista serieak izango ditu berbetarako gai, besteak beste. Gai horiek eta beste batzuk Indarkeria kontsumitzen duzu I, II ikerketan aztertu ditu SETEM Hego Haizeak eta bakarrizketa saio aurretik aurkeztuko dute. Izena emateko azken eguna hilaren 16a da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak