Aretxabaleta Lagunkoiaren txostena Udal ordezkariek dute

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 26a, 11:51

Erretiratu bat bidegorrian.

Basotxo erretiratuen elkartearen bueltan sortutako taldeak udalerria hobetzeko proposamenak dituen txostena helarazi dio Udal gobernuari; zortzi eremutan banatuta askotariko gaiak landu dituzte eta "gustura" geratu dira egindako lanarekin.

Udalerria hobetzeko proposamenak jaso ditu Aretxabaleta Lagunkoia taldeak txosten batean, eta hori, Udal ordezkariei helarazi diete. Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimenak zortzi eremu zehaztu ditu aztertzeko eta horiek guztiak garatu ditu  Basotxoren bueltan sortutako taldeak. Orain Udalari dagokio lan horri heldu eta erantzutea.

Hirigintza kontuak eta beste

Basotxo erretiratuen elkarteak ekitaldi asko utzi behar izan ditu bertan behera martxotik, baina Aretxabaleta Lagunkoia taldeak elkartzen jarraitu gura izan du: "Gogaituta gaude COVID-19ak sortutako egoerarekin, horregatik lanean jarraitzea erabaki dugu. Taldea aldatuz joan da, batzuek ezintasunagatik eta beste batzuek beldurragatik uko egin diotelako, baina lana bermatuta dago", dio Pedro Etxebarriak, taldeko kideak. 2013an aurkeztutako txostena berreskuratu eta egokitu egin dute Udalak eskatuta, eta behin betiko txostena bideratu diete orain. "Azpimarratuko nituzke, batetik gu geu oso gustura geratu izana egindakoarekin, eta bestetik, Udalarekin sortutako harremana. Basotxo aktibo dagoela erakustea ere garrantzitsua da guretako, tabernatik harantzago doalako elkartearen jarduna".

Era askotako gaiak landu dituzte txostenak jasotzen dituen zortzi eremuei esker; hona hemen horiek: Aire zabaleko guneak eta eraikinak; Garraioa; Etxebizitza; Parte-hartzea eta gizarte sarea; Errespetua eta gizarteratzea; Herritarren parte-hartzea eta enplegua; Komunikazioa eta informazioa; eta Gizartea eta Osasun zerbitzuak. "Guk sustatutako lanen artean daude, adibidez, animalien gaineko ordenantzaren berrikusketa, ibai alboko pasealekuaren lanak bukatzea eta Herriko Plazako eskailerak", azaldu du Etxebarriak eta aurrera begirako dituzten beste eskaera batzuen berri eman du: "Larrino auzoa BedoÒarekin elkartzea, Aozaratzako bidegorria Urkulurekin bat egitea…".

Dena den, argi utzi gura du Hirigintza Sailetik harantzago doazela haien kezkak eta proposamenak: "Etxeetan zerbitzua ematen duten langile immigranteen egoera, edadeko askoren bakardadea…". Errespetuaren gaiari ere erreparatu diote eta horretarako herriko hainbat ikastetxetako zuzendariekin bildu ziren gaia zelan lantzen duten ezagutzeko: "Izugarri gustatu zitzaigun, eta hortik abiatuta, adinekoekiko errespetua gai hartuta, idazlan lehiaketa antolatzea bururatu zitzaigun". 12 eta 16 urte artekoen 145 lan jaso dituzte, eta dagoeneko sailkatu eta irabazleak hautatu dituzte. Sari banaketa datozen egunetan egingo dute.

Parte-hartzea bermatu

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Karmele Uribarriren ardurapean dago orain txosten hori: "Alkateak eta biok irakurri dugu eta horri zelan heldu zehaztea dagokigu". Haren asmoa da Udal gobernuko zinegotzien artean banatzea lanak, hau da, gai bakoitza dagokion arloko zinegotziaren ardurapean uztea. Horretarako bilera datorren astean egingo duela aurreratu du.

Bestetik, jasotako eskaera batzuk dagoeneko bideratuta daudela adierazi du, eginda edo egiteko bidean. Hortaz, horren guztiaren berri ere emango die Aretxabaleta Lagunkoiako kideei.

Erronka polita dutela aurrez aurre gaineratu du: herritar guztien parte-hartzea erraztea. Uribarriren nahia da Udalaren dokumentu guztiak edonork ulertuko dituen hizkuntzan eskaintzea eta lan horri heltzeko gertu agertu da: "Argi dut herritarren parte-hartzea erraztu behar dela, eta hori erakundeoi dagokigu". Lan polita egin duela Aretxabaleta Lagunkoiak uste du: "Ekarpen interesgarriak egin ditzakeen jende gehiago ere badago, hortaz, animatu!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak