Erdialdeko Amerikakoak dira asko –Honduras, Salvador…–, Saharakoak eta Marokokoak hainbat, eta senegaldarrak eta indiarrak ere badaude, baita pakistandarren bat edo beste ere Auzokon. Lau taldetan banatuta dihardute lanean azken asteotan, eta helburua bakarra: euskarara gerturatzea. Horretarako, jolasak, elkarlana eta umorea dituzte lagun.
Euskaraz dakitenen zain
Loramendi elkarteko dinamizatzaile Paloma Martinezen esanetara hasi dira lanean: "Etxeetan bizi diren zaintzaileek osatutako talde bat daukagu. Eta euren atsedenaldiko bi ordu euskarari eskaintzen diote; benetan esanguratsua!". Euskaraz gutxienez hitz batzuk jakitea garrantzitsua delako zaintza lanean gerturatu dira Auzokora. "Zer zekiten euskaraz galdetu nien. 'Etorri, bihotza', erantzun zidan batek, zer esan gura zuen ondo jakin barik", dio Martinezek.
COVID-19ak Auzokoren jarduna ere baldintzatu du. Horregatik, aurten ez dute egingo irteerarik, ezta meriendarik ere: "Kafe eta pasta batzuen bueltan beste goxotasun bat sortzen da. Aurten ez da halakorik egongo, baina umorea ez dugu galduko!". Horretarako, jolasak dituzte lagun; karta-jokoak, esaterako: "Euskara ezagutzen dugu jolasen bidez, eta, era berean, elkar ezagutzen dugu".
Lau talde osatu dituzte aurten, pilaketak saihesteko asmoz, eta martitzenetan eta eguenetan elkartzen dira; hona hemen ordutegia: 10:00-11:00 eta 15:00-16:00. Guztietan dutela lekuren bat edo beste argitu du Loramendiko dinamizatzaileak, eta euskaraz dakitenak gonbidatu ditu bertara: " Ezinbestekoa da euskaldunek eta euskaratik urrun daudenek topo egitea talde hauetan. Oraingoz, ni neu nago bakarrik euskaraz dakiena; hortaz, pozik hartuko ditugu beste batzuk ere".
Barriketan taldeak
Barriketan egitasmoaren bueltan aurreko urteetan sortutako taldeak ere lanean dabiltza. "Konfinamendu sasoian ere batzuek online elkartzen jarraitu zuten. Eta irailean aurrez aurrekora itzuli dira hainbat; dena den, online jarraituko duenik ere badago", adierazi du Martinezek, eta gaineratu: "Hika-praktika talde bat ere badago abian".
Talde berriak sortzeko deialdia egingo dute orain; hemendik eta abendura bitartean izena emateko epea zabalik izango da Loramendi elkartean: 943 77 09 70 edo auzoko@loramendielkartea.eus.