Hiruna berdindu du UDAk Mutrikuren aurkakoan

Imanol Beloki 2020ko urr. 18a, 19:42

Denboraldiko lehenengo jardunaldia jokatu du, gaur, UDA Aretxabaleta futbol taldeak. Mutriku izan du aurkari, eta 3-3 amaitu da partidua, etxeko taldeak azken jokaldian hirugarren gola sartuta berdindu ostean.

Ohorezko Erregional mailako taldeak bi multzotan banatuta hasi dute asteburuan liga, eta, Ibarra futbol zelaian neurri zorrotzak ezarrita ireki dituzte ateak. Ikusleek tenperatura hartu behar izan dute instalazioetara sartzeko, eta, harmailetan segurtasun distantziak mantenduz ikusi behar izan dute partidua.

Berdinketa azken unean

Otazuren golarekin  hasi da partidua, baina, mutrikuarrek hiru gol sartu dizkiete, gero. Mikel Ezeizak sartu du UDAren bigarren gola, eta, markagailuan 2-3 jarri ostean, Unai Cebrinok sartu du hirugarrena, azken jokaldian. Argi ikusi da jokalariek futbol partidua jokatzeko gogoz zeudela, eta, zaletuek ere hori transmititu dute. Hala, bi taldeak paretsu arituta, emaitza justua izan dela adierazi dute jokalariek. Unai Cebrino hirugarren golegileak halaxe adierazi moduan: "Oso ondo hasi gara. Lehenengo gola azkar sartu dugu, baina, beraiena iritsi denean pixka bat kostatu zaigu markagailuari buelta ematea. Sekula baino partidu gehiago jokatu ditugu denboraldiaurrean eta luzea izan da itxaronaldia. Hasteko gogoz geunden. Berdinketarekin puntu bat lortu dugu, partidu lehiatsuaren ostean, beraz, gustura geratu gara emaitzarekin.

Bergarak irabazi, Aloñak galdu

Bergarak, berriz, Eibar Urkoren aurka jokatu du partidua Agorrosinen. Aurkari gogora izan duten arren, 2-1 irabazi dute partidua. Aloña Mendik, aldiz, Elgoibarren jokatu du partidua. Kasu honetan, baina, 2-0 amaituta, puntu barik bueltatu behar izan dira etxera. Mondrak, berriz, atsedenaldia izan du ligako lehenengo jardunaldian.

Erlazionatuak

2-1 irabazi dio Bergarak Eibarko Urkori

Miren Arregi Amasorrain 2020 urr 18 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak