Haur eta nerabeen aisialdi zerbitzua, abian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 9a, 14:03

Zainduz lokala egokitu dute ludoteka zerbitzua eskaintzeko. ALGARA

Algara ludotekan ate irekiak eginda, zerbitzua martxan dute, eta berritasunetako bat da ohiko lokalarekin batera Zainduz-eko lokalean ere izango direla. Gaztelekuari dagokionez, egoitza lekualdatuta, komentuan eskainiko dute zerbitzua.

Aretxabaletako Algara ludoteka eta gaztelekua hasi dira euren aisialdi zerbitzua eskaintzen. Pandemiak sortutako egoerara egokituko neurriak hartu dituzte batean zein bestean, eta berrikuntzak ezarri dituzte.

Ludotekan espazioak handitu dituzte, eta, betiko egoitza erabiltzeaz batera, Gernika plazan dagoen Zainduz-eko lokala ere egokitu dute haurren aisialdirako. Joan den astean egin zituzten ate irekiak, eta dagoeneko martxan daude haurren aisialdi-guneetan. "Ate irekietan, beste urte batzuetan baino harrera txikiagoa izan dugu, baina pozik geratu gara. Guztira, 34 haur inguru pasatu dira bertatik, eta, eskolekin ere harremanetan jarrita, 4 eta 5 urteko 50 haur inguru pasa dira ludotekako espazioa ezagutzera", adierazi du Julen Peralesek, ludotekako koordinatzaileak. Gaineratu du ate irekien ostean martxan hasi direla bi egoitzetan, eta poliki-poliki animatzen hasi direla haurrak.

Burbuiletan banatuta

Gaztelekuan ere joan den asteburuan egin zituzten ate irekiak, eta, espazioz aldatuta, txandakatze sistemaren aldeko apustua egin dutela adierazi du Jon Cano gaztelekuko koordinatzaileak: "Komentura lekualdatuta, bertan bi gela izango ditugu, eta baita kanpo espaziorako eremua ere. Aurtengo dinamikari dagokionez, burbuilaka banatuko ditugu nerabeak. 13- 14 pertsonako taldeak izango dira burbuila bakoitzean, eta eurek izena eman ahala taldeak osatuko ditugu. Drive bitartez izena emango dute ordu tarte jakin batean, eta txandakatze sistema honekin gaur egungo egoerara egokituko gara".

Egun bat gutxiago

Lehen, eguenetik domekara arteko zerbitzua eskaintzen zuten gaztelekuan, baina orain, eguenetan ez dute zerbitzurik izango nerabeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak