Aurrez aurreko zerbitzua du berriz Atxabalta Mugik

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 5a, 16:35

Athloneko Maialen Alkortak hartu du berriro horren ardura, eta astelehenetan eta eguaztenetan egoten da Ibarra kiroldegian. Hainbat ikastaro eta tailer jarriko dituzte abian, eta nerabeen artean jarduera fisikoa sustatzea dute erronketako bat.

Telefono bidezko arreta zerbitzua eskaini du azken hilabeteotan Atxabalta Mugik, COVID-19aren eraginez zehaztutako protokoloak baldintzatuta, baina itzuli da aurrez aurreko zerbitzua. Maialen Alkorta bergararrak hartu du horren ardura berriro, eta Ibarra kiroldegian hartzen ditu erabiltzaileak.

Iaz, 50 erabiltzaile berri

Jarduera fisikoa sustatzea helburu duen zerbitzua 2016an jarri zuten abian Aretxabaletan, eta ordutik 193 erabiltzaile pasatu dira –%56 osasun zerbitzuetatik bideratutakoak, %4 Gizarte Zerbitzuetatik eta %40 norbere kabuz– eta 128 saio praktiko egin dituzte. 2019an, esaterako, 50 izan ziren gerturatu zirenak; horietatik %61 emakumeak eta %39 gizonak.

Zerbitzuaren orientazio bulegoa Ibarra kiroldegian dago. "Norberaren ezaugarri, behar eta baliabideetara egokitutako programa proposatzen diegu dugu jarduera fisikoa sustatzeko", adierazi du Maialen Alkortak. Astean bi egunetan zabaltzen ditu ateak; hona hemen ordutegia: astelehenetan, 09:00etatik 13:00etara eta eguaztenetan, 14:30etik 18:30era. Txanda aurrez hartu beharra dago eta horretarako bi bide daude: telefonoz: 662 62 38 30; edo posta elektroniko bidez: atxabaltamugi@ gmail.com.

Ikastaroak, abian

Aurreko urteetan legez, ikastaroak eskaintzen jarraitzen dute Atxabalta Mugin. Yoga martitzen eta eguenetan izaten da (15:15- 16:30) eta koordinazioa, oreka eta indarra (KOI) lantzeko antolatutako saioak, ostera, astelehenetan eta eguaztenetan (16:00-16:45). Ikastaro horiek ez daude Ibarra kiroldegiko ohikoen artean, eta Atxabalta Mugiko erabiltzaileendako bakarrik antolatutakoak dira –izena emanda egon beharko dute egitasmoan–; horiek ez dute kiroldegiko bazkide izan beharrik eta, gainera, kiroldegian eskaintzen diren ikastaroak baino merkeagoak dira.

Mugikortasun arazo larriak dituzten erabiltzaileei gomendatzen diete yoga. Koordinazio, oreka eta indarraren kasuan, ostera, helburu nagusietako bat erorikoak saihestea dela adierazi du Alkortak: "Arrakasta handia dute biek; bereziki, yogak. Orain, edukiera kontuan hartuta osatu ditugu taldeak".

Erorikoak saihesteko saioak ere antolatu gura dituzte, iaz egindako legez, eta osasun publikoarekin elkarlanean. Oinezko ibilaldiak, ostera, oraingoz ez dituzte egingo, gero eta parte-hartze txikiagoa zutelako.

Nerabeak jomugan

Nerabeen artean ere sustatu gura dute jarduera fisikoa, eta urtea bukatu bitartean jardungo dute horretan. DBHko laugarren mailako ikasleei bideratutako proiektua iaz jarri zuten abian: "Hainbatek kirola egiten uzten dioten adina da hori, eta jarduera fisikoa sustatze aldera beste ekintza batzuk probatzeko aukera eskaintzea da helburua". Hala, gorputz hezkuntzako saioan bi ikastaro artean aukeratu ahal izango dute lau astetan. Behin aukeratuta, kiroldegiko begirale profesional batek ikastaroaren oinarri teoriko-teknikoak azalduko dizkie jarduera bakoitzak dituen onurak eta arriskuak azalduz. Iaz emandakoarekin pozik agertu da Alkorta.

Elikaduraren gaineko kontuak

Urtea bukatu bitartean, elikaduraren gaineko hainbat trebakuntza saio egiteko asmoa dute: "Ez daude zehaztuta, baina iazkoaren ildotik jarraituko dugu; izan ere, herritarrek badutela interesa ikusi dugu". Helburua da elikadura osasuntsuaren inguruan informatzea eta trebatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak