Lan baldintzak hobetzea eskatu dute Aretxabaletako eta Eskoriatzako etxez etxeko langileek

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 30a, 13:50

Elkarretaratzea egin dute Aretxabaletako Herriko Plazan etxez etxeko langileek ELAk deituta. Uztailean hasitako bideari jarraipena eman diote, eta aurrerantzean ere eguazten eguerdi guztietan elkartzeko asmoa agertu dute "lan baldintza duinak" eskatzeko.

Gizadi enpresako langileak dira elkartu direnak eta ELAko ordezkariak azaldu du horren berririk ez dutela: "Langileek egoera prekarioan jarraitzen dute. Eta enpresaren eta Udalaren aldetik ez dugu jaso erantzunik". 2016tik daudela inolako hobekuntzarik izan barik eta dagoeneko hiru urte daramatzatela negoziatzen gaineratu du Janire Diaz Jauregik. 

Udalari eskatu diote "arduraz jokatzeko", herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua delako eta "diru publikoarekin finantzatua". Eta enpresa salatu dute langileen osasuna erabiltzen dutelako aitzakia gatazkari irtenbidea ez topatzeko. 

COVID-19aren ondorioz lan karga are eta handiagoa dela adierazi dute, eta gogorarazi dute langile asko 50 urtetik gorako emakumeak direla. Hori horrela, lan baldintza hobeak eskatu dituzte: "Soldata duinak, bajak %100 estalita eta osasuna bermatuko duten neurriak". 

Era berean, zerbitzu publikoa izan beharko litzatekeela etxez etxekoa eta ez azpikontratatutakoa gaineratu du ELAko Diaz Jauregik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak