Sasoi bateko euskal giroko jaia berreskuratu nahian hasi zen antolatzen Aretxabaletako Udala San Migel jaiak iraileko azken aste bukaeran, orain dela 30 bat urte. Ezkontza antzeztu zuten lehen urtean eta bataioa hurrengoan; handik aurrera, erromeria giroa ekarri gura izan zen kale bazterretara, eta azoka egoten da urtero. Dena den, antzinako jai giro hori berreskuratzen aitzindaria 1960an egindako ezkontza izan zen.
Herriko kuadrilla batek sustatu zuen ezkontza hura. Ekainaren 19a izan zen hautatutako eguna eta ezkontideak izan ziren Milagros Urreta eta Jabier Iturbe; kalerik kale joan ziren futbol zelairaino, gonbidatuek lagun eginda, eta han ospakizuna egin zuten.
Ezkontza, Herriko Plazan
Bigarren ezkontza handik 30 urtera egin zuten, 1990ean, eta oinarri hartu zuten aurretik egindakoa. Udalak bultzatu zuen eta herritarrak lanerako gertu agertu ziren. Ezkontideak izan ziren Amaia Garcia eta Isidro Serrano; aita pontekoa, ostera, Joseba Lasagabaster, eta ama pontekoa, Mari Nati Olabe. Hark gogoan du zelakoak izan ziren antolatze lanak: "Herritar mordoak hartu genuen parte, eta norbera arduratu zen bere janztekoa topatzeaz. Ni, esaterako, soineko beltzarekin joan nintzen, eta buruko txiki bat neraman, hori ere beltza". Abade papera Jose Antonio Zubizarretak egin zuen eta haren laguntzaileak izan ziren Iosu Otxoa eta Ekaitz Filarmendi. Futbol zelaitik Herriko Plazara joan ziren, han ezkontzeko. Ikusmin handia piztu zuen herrian, eta sekulako giroa sortu zela du gogoan Olabek: "Bukatutakoan, Durana kalean afaldu genuen guztiok".
Hirugarrena, atzeratuta
Udalaren asmoa zen hirugarrenez antzeztea ezkontza hori aurten, eta, horretarako, herritarrei dei egin zien urte hasieran. "Gero, baina, etorri da pandemia eta bertan behera utzi behar izan dugu. Asmoa hor dago, baina jakin ez noiz egin ahal izango dugun", adierazi du Ainhoa Caberok, Kultura zinegotziak.