Marije Revuelta: "Azokek berreskuratuko dute betiko martxa, ziur"

Jone Olabarria 2020ko ira. 25a, 16:30

Marije Revuelta ortuan.

Sanmigel jairik gabe, hitzordu maitatuenetakoa izaten den fruta eta barazkien azoka ere ez dute egingo Aretxabaletan. Bertan egon ohi diren ekoizleen egoera azaldu du Marije Revuelta aretxabaletarrak.

Sanmigel jaietako egun handiko protagonista da urtero barazkiak, artisautza produktuak eta ganadua biltzen dituen Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren Azoka, eta bertan ohikoak dira Mariaje Revuelta eta bere ortuko produktuak. Aurten, baina, huts egingo dute: azoka bertan behera geratu denez, ezingo dituzte udako produktuak bertan eskaini.

Zenbat urte daramatzazue sanmigeletako azokan parte hartzen?

Urte mordoxka bat, zazpi edo zortzi urte inguru daramatzagula esango nuke, baina ez dakit ziur esaten. Asteroko azoketara ez gara joaten, baina, azoka bereziei dagokienez, hainbat hitzordu izaten ditugu urtero: Donostiara joaten gara Biolurrek antolatutako azokara, Leintz  Gatzagan eta Eibarko produktu ekologikoen azokan ere izaten gara.

Azoka bereziez gain, kontsumo taldeekin ere egiten duzue lan...

Bai; kontsumo taldeekin jarraitzen dugu, eta konfinamendu garaian bereziki horrekin aritu gara lanean: gure bezeroei saskiak helarazten genien, eta oso eskertuta agertu dira denak, orokorrean. Sasoiko eta bertako produktuez gozatzen jarraitu ahal izateko aukera eskaini zaie saskien bitartez.

Salmenta puntu garrantzitsua izaten da zuentzat sanmigel jaietako azoka Aretxabaletan?

Bai, urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat izaten da sanmigeletakoa. Pena da aurten bertan ezin egotea. Leintz Gatzagako azoka ere aurten, esaterako, bertan behera geratu da eta Eibarren, ziur ez dakigun arren, uste dut ez dutela egingo. Azokak oso modu berezian egiten ari direnez, saskiek edota kontsumo taldeek hartu dute garrantzi berezia; Arrasateko Ereindajanera eta Aretxabaletako Kiloka dendara ere eramaten ditut.

Uda sasoiko produktuekin zer moduzko uzta izan duzue aurten?

Aurten, bero larregi egin du udan, eta, tamalez, hainbat produktu hondatu egin dira; aurreko urteetakoa baino okerragoa izan dela esango nuke.

Oraingo egoera ikusita, nola uste duzue egingo dutela aurrera jaietako azokek?

Nik uste dut egoera animatuko dela. Baikorra naiz eta koronabirusa aurtengo kontua izango dela uste dut. Datorren urterako birusa ea apur bat gehiago menderatzen dugun eta normaltasuna berreskuratzen dugun. Azokak bueltatuko dira bere ohiko martxara, ziur.

Ohiko egoeran badute osasuna azokek?

Bai; herritarrei asko gustatzen zaie azoketara joatea eta beti batzen da jende mordoxka bat hauen bueltan. Bertako produktu freskoa kontsumitzea bereziki baloratzen dute herritarrek. Hori da, behintzat, nik hemen inguruan ikusten dudana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak