Lehen kontzertuaren zain, etxetik lanean Aretxabaleta Abesbatza

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 27a, 10:00

2020rako zituen asmo guztiak atzeratu beharrean izan da Aretxabaleta Abesbatza; horien artean daude San Migel jaietako kontzertua eta 40. urteurreneko ospakizunak. Era berean, argi dute zelan itzuli, COVID-19ak jotakoak oroitzeko ekitaldi batekin.

Zarzuelak, euskal kanta herrikoiekin osatutako kontzertuak, mexikar doinuak oinarri dituen ikuskizuna, Benito Lertxundiren omenezko ekitaldia… Aretxabaleta Abesbatzak 20 urtetik gora daramatza San Migel jaiak girotzen, eta herritarrek harrera beroa egin izan diete beti. Aurten ez da halakorik izango. Uztail hasieran erabaki zuten bertan behera uztea, eta Udalari jakinarazi zioten. "60 urtetik gorako kideak asko gara; hau da, arrisku taldekoak. Eta osasun gorabeheratxo batzuk ere izan ditugu; hortaz, 2020an ez egitea erabaki genuen", adierazi du Angel Barandiaran zuzendariak.

Entseguekin hasteko gogoz

Azken hilabeteotan apenas egin dute entsegurik; hala ere, ez dira geldi egon. "Telelanean gabiltzala esan daiteke, nor bere etxetik. Orain ere bi partitura prestatu berri ditut: Beethovenen Alaitasunaren oda eta bakarlarientzat Ennio Morricone konpositorearen Nella Fantasia". Etxean egindako lana garrantzitsua izanda ere taldeko entseguak ezinbestekoak direla aitortu du, eta zelan ekin berriro entseguei pentsatzen dabiltza: "Udalaren babes osoa dugu, eta lokalen bat behar izanez gero eskatzeko esan digu. Baina oraindik ez dugu zehaztu noiz eta zelan hasi".

Agertokirako itzulerak egunik ez izan arren, badakite zelako kontzertua izango den lehenengo hori: COVID-19ak jota hildakoak omenduko dituen ekitaldia. "Azken hilabeteotan hil direnak izan gura ditugu gogoan", dio Barandiaranek, eta gaineratu du: "Eta ez dakit Gabonetarako zerbait berezia antolatu ahal izango den…".

40. urteurrena, atzeratuta

Aretxabaleta Abesbatza 1980an sortu zen; hortaz, aurten 40. urteurrena ospatzea zegokion: "Hainbat asmo genituen: kontzertu batzuk eskaini, Mozarten koroatze meza abestu eta erakusketa bat gertatu, egindako bidaien, kontzertuen eta irabazitako garaikurren berri jasoko duena. Hori guztia, baina, atzeratu egin dugu. 41 urte izango dira datorren urtean, baina horixe ospatuko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak