Urtetik urtera errotuz joan den kantu afaria

Jone Olabarria 2020ko ira. 25a, 14:51

Sei Pistols & trabuko bat taldearen eskutik klasiko bilakatu da dagoeneko jaietan herriko plazan egin ohi duten kantu afaria. Hitzordu maitatua izanik, taldeko kideek "penaz" hartu dute aurten taula gainera ezin igo eta herritarrekin musikaz gozatzea

Iazko sanmigel jaiak ospatzeko asmoz 600 lagun inguru batu ziren bapo afaldu eta euskal kantuak abestuz. Giro ederrean abestu zituzten betiko kantu tradizionalak, Sei Pistols & Trabuko Bat taldearen musika doinuekin, baina aurten, afaria eta emanaldia egitea ezinezkoa izanik, taldeko kideek "penaz" hartu dutela azaldu dute.

2013. urteko San Juan jaietan ekin zioten sei lagunek proiek-tuari, baldintza berezi batekin: Arrasaten eta Aretxabaletan baino ez dituzte eskaintzen emanaldiak. Aitor Ziardegi Sei Pistols & Trabuko Bat taldeko kideak azaldu duenez, muga bat jartzea garrantzitsua zen: "Hainbat herritatik eskaintzak jaso ditugun arren, Arrasaten eta Aretxabaletan bakarrik eskaintzen ditugu emanaldiak, sanjuanetan eta sanmigeletan". Sei lagun hasi baziren ere, bederatzi dira orain, eta, "apurka, herritarren artean finkatuz" joan dira; batez ere, Aretxabaletako kasuan.

Euskal kantuak eta bertsioak

Lehen urteetan "inprobisazio hutsa" zela aitortu dute: "Taula gainera irten eta esaten genuen, 'zer abestuko dugu?'. Bat aukeratu eta han hasten ginen, apur bat jolasean bezala". Denborak aurrera egin ahala nolabait "profesionalizatu" egin zirela azaldu dute.

"Musu-truk egiten genuen lehen emanaldi haietan, afariaren trukean. Gero, denbora gehiago dedikatzen joan ginen heinean ere, talde modura finkatuz joan ginen". Hasieran, kantu tradizionalak ziren taldeko errepertorioaren oinarri, baina azken urteetan euskal abesti berriak gehituz joan direla azaldu dute, "publiko gaztea erakartzeko asmoarekin". Abesti berriak prestatzeko denbora behar dutela adierazi dute, eta nahiko luketena baino "aukera gutxiago" dituztela azaldu dute: "Hala ere, saiatzen gara urtero pare bat kantu berri gehitzen".

Herrien arabera, ezberdin

Herritarren artean duten harrera Arrasaten eta Aretxabaletan ezberdina dela aitortu dute: "Azken urteetan, lortu dugu Goizalde plaza betetzea Arrasaten, baina, hasieran, dezente kostatzen zitzaigun. Aretxabaletan, berriz, herri osoa etortzen da".

Publikoaren profilaz galdetuta, Aretxabaletan "denetik" joaten dela azaldu du Ziardegik: "Publiko nagusiagoa, gazteagoa, familiak... herritar asko eta profil ezberdinekoak batzen dira sanmigeletan, denetik".

Bertsioekin konforme

Hileroko azken ostiralean egin ohi duten kantu-poteorako bereziki sortutako kantu bat ere gehitu dute abesti sortara: "Konfinamenduan bideo bat egin genuen abesti horrekin, eta orain, emanaldietara gehitu nahi izan dugu". Abestiak egiten has zitezkeela azaldu dute, baina denbora faltagatik eta bestelako betebeharrek eraginda erabaki zuten bertsioetara mugatzea taldearen emanaldiak. "Horrekin konformatzen gara".

Hala ere, aurten ez dute taula gainera igotzeko aukerarik izan Sei Pistols & Trabuko Bat taldeko kideek, ez Arrasaten, ez Aretxabaletan. Egoera honetan "penatuta" bizi dituztela jaiak azaldu dute. "Herrian bertan jendeak ere galdetzen digu ea hori ere ez den egingo aurten, baina, bueno, itzuliko gara taula gainera. Urtean bi kontzertu ematen ditugu, baina aitzakia polita izaten da elkartu eta denok batera ondo pasatzeko mahaiaren bueltan".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak