Erretiratuak lanari ekiteko "gogoz" daude

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 18a, 17:51

Ikasturteari buru-belarri heltzeko gogotsu daude Basotxo erretiratuen elkarteko kideak, baina, oraingoz, pauso txikiak emango dituzte. Kantu eta dantza taldeak, esaterako, ez dira elkartu; dena den, geldi egoteko ere ez daude, eta urrian entseguekin hasteko gogoa agertu dute. Euskaltegiko eskolekin, ostera, ez dute jarraituko ikasturte honetan.

Aste honetan, martitzenean, hain zuzen ere, zabaldu dute Basotxoko taberna. Abuztuaren 1etik zegoen itxita, eta erabiltzaileek eskertu egin dute: "Juani Fabian arduraduna ausartu egin da zabaltzera, Udalak begi onez ikusi du eta zuzendaritza batzordekook gure babesa adierazi diogu", jakinarazi du Pedro Etxebarriak. Opor ostea luzatzea erabaki zuen Fabianek, erabiltzaile kopurua asko murriztu zela ikusita. "Ekainaren 1ean zabaldu genuen konfinamendu ostean eta beherakada handia izan genuen; %100 beteta izatetik %20-10 ingurura jaitsi ginen. Beldur handia antzeman genuen, eta ulertzekoa da, arrisku taldeko erabiltzaileak dira eta", dio Fabianek. Ezarritako protokoloa zorrotz betetzen dute tabernan eta lasai gerturatzera gonbidatu ditu erretiratuak: "Mahaien arteko espazioa zaintzen dugu, garbitasuna… Ea jendea animatzen den". Ateak egun osoan ditu irekita: astelehenetik egubakoitzera 08:00etatik 21:00etara eta zapatu eta jaiegunetan 10:00etatik 21:00etara.

Bidaiarik eta saiorik oraindik ez

Elkarteko presidente Aitor Alberdik ere onartu du beldurra dagoela erretiratuen artean: "Bidaiak antola ditzakegu, eta, gainera, oso merke daude orain, baina jendea ez dago horren zain". Ikastaro eta hitzaldiei dagokienez ez da halakorik egingo, oraingoz, eta San Migelen bueltan antolatu izan duten kultura asterik ere ez da egongo.

Aretxabaleta Lagunkoia

Uztailean berritu zen Basotxoko zuzendaritza batzordea, baina ez dago geldi; datorren astelehenean, hilaren 21ean, esaterako, batzarra du. "Aurrera begirako kontuak zelan antolatu zehaztu gura ditugu; bereziki, Aretxabaleta Lagunkoia taldea", dio Etxebarriak, eta gaineratu du: "Diagnostikoaren berrikusketa bukatu dugu eta udaletxean aurkeztuta daukagu horren gaineko hausnarketarekin jarraitzeko". Hala, eguenean, hilaren 24an elkartuko dira berriro udal ordezkariekin: "Martxoan egiteke utzi genuenari heltzea da asmoa, eta etorkizunean zelan egin jarraipena zehaztea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak