Alaitasuna, ilusioa eta gogoa erakutsi dituztela neska-mutikoen aurpegiek lehen egunotan adierazi dute herriko ikastetxe guztietako ordezkariek. Ikasgeletara itzultzeko gogotsu zeuden, eta horrek erraztu egin du arau berrietara egokitu beharra.
Gurasoak ere, "gustura"
Egokitzapen fasea egiten dihardute Pausoka haur eskolan, eta pozik daude emaitzarekin: "Umeak oso pozik geratzen dira eta gurasoak ere gustura daude hartu ditugun neurriekin", dio Olaia Urzelai arduradunak.
Arizmendi Ikastolako Basabeazpi gunean sekula baino gogotsuago sumatu dituzte haurrak, eta "besteekin egon beharra zutela" erakutsi. "Era berean, pozik gaude familien aldetik proposamen asko jaso ditugulako, eta guraso batzordearekin elkarlanean jardungo dugu", dio IÒaki Gonzalez irakasleak. Gaineratu du pedagogikoki aukera berriak ikusten dituztela Konfiantzaren Pedagogian sakontzeko.
Lagunekin egoteko gogoz
Kurtzebarri eskolako kideek ere "itzultzeko irrikan" antzeman dituzte haurrak. "Begiak zabal-zabalik eta poz-pozik etorri dira. Urduritasun apur bat ere igarri dugu, baina gutxi batzuengan", dio Mikel Uribarren zuzendariak.
Ildo beretik jardun du Kurtzebarri institutuko Juan Carlos Pascual Pascu zuzendariak: "Poztasun eta urduritasun sentsazioak nahasturik izan dituztela esango nuke, baina hirugarren egunerako normalizatu da. Lagunekin egoteko gogoa handia zen; beraz, pozik daude, orokorrean".
Bigarren zikloaren –DBH 3. eta 4. mailak– hasiera atzeratzeak asko lagundu duela uste du, haiek etorri orduko "egokituta" egongo direlako. Eta arau eta "muntaia berrietara" egokitzen egunez egun joango direla dio: "Ez da komeni ikasleak berriro ere etxera joan behar izatea, honekin bizitzen ikasi behar dugu".