Moldaketa askorekin ikasturteari ekiteko gertu

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 4a, 14:59

Pausoka haur eskolan dagoeneko egokitzapen fasea egiten dihardute eta Arizmendi Ikastolako Basabeazpi gunean eta Kurtzebarri eskolan zein BHIn astelehenean hasiko dituzte eskolak; etxerako lanak eginda, "gogotsu" daude ikasleak hartzeko.

Herriko ikastetxeak ikasturteari ekiteko gertu daude. Berritasunetako bat da COVID gela; sintomak dituzten ikasleak bakartzeko izango da gurasoak etorri bitartean.

Udala, berriz, haiekin harremanetan jarri da, lokal beharrik izanez gero laguntzeko. "Behar dutena eskatzeko esan diet, lehentasuna hezkuntzak izango duelako beste edozeinen gainetik", adierazi du Unai Elkoro alkateak. Kurtzebarri BHIko irakasleek, esaterako, Arkupeko gela bat erabiliko dute formakuntza saioetarako.

Pausoka haur eskolan, hasita

Martitzenean hasi zuten ikasturtea Pausoka haur eskolan. Bizikidetza talde txikiak osatu dituzte: "Bakoitzak bere gela izango du eta espazioak ez dituzte konpartituko gainerakoekin; jatorduak ere han egingo dituzte", adierazi du Olaia Urzelai arduradunak. Tenperatura etxetik hartuta joango dira umeak eta sartzerakoan garbitasuna zaindu beharko dute gurasoek.

Egokitzapen fasean daude orain eta gurasoei sartzen uzten diete gela handi batera, umeekin egon daitezen. Behin hori bukatutakoan, gelako atean utzi beharko dituzte. "Umeekin tratua berbera izango da, besoetan hartuko ditugu lehengo moduan. Gurasoekin ere gertuko hartu-emana izatera ohituta gaude eta horretarako beste bide batzuk topatuko ditugu", dio Urzelaik.

Basabeazpin, adinka banatuta

Arizmendi Ikastolako Basabeazpi gunean zaintza zerbitzua hasita dago eta ikasturtea astelehenean hasiko dute. Hainbat aldaketa egingo dituzte funtzionamenduari dagokionez; besteak beste, sarrera-irteeretarako ordu ezberdinak eta bereizitako espazioak. "Gune zabalak ditugunez, aireztatzeko samurragoa da", dio IÒaki Gonzalez irakasleak. Espazio horiek aprobetxatuko dituzte  adinka banatutako talde egonkorrak sortzeko: "Talde txikietan lan egitera ohituta gaude eta kanpoko espazioak ere aprobetxatuko ditugu". Guraso batzordearekin elkarlan estuan jarduteko asmoa dute.

Kurtzebarrin, moldaketa asko

Kurtzebarri eskolan ere astelehenean sartuko dira ikasleak: 6 urtetik gorakoek maskara jantzita izan beharko dute une oro eta 4 eta 5 urtekoei gomendatu diete pasabideetan erabiltzeko. Ikasgeletan kokatutako elkarbizitza talde egonkorretan funtzionatuko dute. Jolas-orduak moldatu egin dituzte eta beste eremu batzuk ere erabiliko dituzte; plaza, esaterako. Garbitasuna indartuko dute, bereziki, komunetan eta erabilera askoko guneetan. "Umeak hutsune emozional zein akademikoekin etorriko dira, eta hortik abiatuta hasiko gara lanean", adierazi du Mikel Uribarren zuzendariak.

Kurtzebarri BHIn ere astelehenean ekingo diote ikasturteari DBHko lehen ziklokoek, eta 15ean bigarrenekoek. Moldatu egin dute funtzionamendua patioan ez elkartzeko LHkoekin eta sarrera-irteerak txanda ezberdinetan egingo dituzte; tenperatura hartuko diete, gainera, ikasle guztiei. Eraikin guztian, gela barruan zein kanpoan, distantziak mantentzeko argibideak dituzte zehaztuta. "Eskolaz kanpoko jarduerarik ez dugu jaso urteko planean, ikas bidaia ere bertan behera geratu zen", dio Juan Carlos Pascual Pascu zuzendariak. DBHkoek zein LHkoek kiroldegiko jarduerak egingo dituzte.

Lanbide Eskola, irailaren 14tik

Aretxabaleta Lanbide Eskolan irailaren 14an hasiko dituzte eskolak goi mailako zikloetako ikasleek, eta erdi mailakoek, 21ean. Horiek ere talde espezifiko, independente eta egonkorrak osatuta egingo dute lan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak