Aozaratza auzoan, Urkuluko urtegia-en sarreran dago Otalora dorretxea. Urteetan gerra garaietarako defentsarako eraikina izan zen hura, eta gaur egun Laboral Kutxak du haren jabetza. XIV. mendekoak dira aurkitu diren lehenengo idatziak: 1315ekoak, hain zuzen ere.
Mozketa
Esan bezala, dorretxea defentsarako erabili izan zuten denbora luzez. Otaloratarrena zen dorrea, eta haiek ganboatarren lagunak ziren. Otalora familiak bi jauregi zituen, bata Aozaratza auzoan dagoe-na eta bestea Aretxabaletako Herriko Plaza ondoan dagoena. Egindako ikerketen arabera, “herrian dagoena neguko bizilekua zen, egunerokoan erabiltzen zutena; goikoa, ostera, udarako erabiltzen zuten, eta borrokan zeudenean ere hara igotzen ziren”, dio Mikel Lezamizek.
Dorreak altuera handiagoa zuela dio Lezamizek; hala ere, borroka bat galdu ostean moztu egin behar izan zuten. Mozketa ohiko praktika zen, batez ere, Isabel Katolikoaren garaian, haren ministro Cisneros kardinalak hainbat eta hainbat egin zituen eta. Mozketa haren helburua nolabaiteko menpekotasuna erakustea zen, dorrea mozten zuten borroka bat galdu zutela jakin zezaten eta aurrerantzean gehiago ez borrokatzeko. Errekonkistan asko erabiltzen zen sistema izan zen mozketarena. Dorreak lau aldeetara begira baleztariak zituen; eta gaur egun bertan jarraitzen duten leiho txikiak, bertatik aurkariak zaintzeko.
Bailarako ugazaba
Duela 700 urte agertu ziren lehenengo idatziak eta bertan Otalora jauregia eta Otala-Azpi baserria agertzen dira. Otala-Azpi jauregitik ei datoz otaloratarrak. Eskoriatzan hasi eta ia Bergararaino heldu ziren leinu garrantzitsu bihurtuz, “bailarako ugazabak ziren”.
Ekialdera ematen duen fatxada da dorretxeko nagusia. Bertan hainbat arotako eta estilotako detaileak daude, baina bik pizten dute arreta handiena: bi armarriak, hain zuzen. Ate gainean dagoen armarria otaloratarren armarria da, XVI. mendekoa eta barroko estilokoa.
Suteak
Gutxienez, bi sute garrantzitsu jasan ditu eraikinak, bata gerra denboran eta bestea ustekabekoa; bigarrena 1586ko abenduaren 11n gertatu zen, Martin Otalora –Sancho Lopez Otaloraren iloba– Felipe erregearekin Madrilen zegoen bitartean. Sute handia izan zen eta eraikina berritu egin behar izan zuen Martin Otalorak.