Etxez etxeko zerbitzua ematen duten langileekin elkartu dira EH Bildukoak horien egoera ezagutzeko

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 22a, 14:29

Etxez etxeko zerbitzua ematen duten hainbat langilek uztailaren 10ean egindako agerraldia.

Etxez etxeko zerbitzua ematen duten langileen egoera bertatik bertara ezagutzeko EH Bilduko zinegotzi diren Irati Pagoaga eta Ion Albizu, eta Ander Rodriguez legebiltzarkidea (Gizarte Politikako diputatu ohia) haiekin elkartu dira.

Etxez etxeko zerbitzua 35 langilek baino gehiagok ematen dute Aretxabaletan eta Eskoriatzan, eta horiek EH Bildukoei azaldu dietenez "baldintza duinak izatetik oso urrun" daude. Besteak beste aipatu dizkiete: soldata oso baxua, lanaldi aldakorrak, ordutegiak erabiltzaileen beharretara egokituak –09:00etatik 21:00etara egunean sei orduz lan egiteko–. "Jakinarazi digutenez, 2015etik ez dute hitzarmena berritu, eta oso aurreikuspen txarrak dituzte negoziazioaren aurrean", diote EH Bilduko kideek.

Bestetik, erabiltzaileak ere gogoan izan dituzte: "Dagoen koordainketa sistemaren eta lan-merkatuaren ondorioz, familiek sektore pribatura bideratzen ari dira arreta, eta horrek ondorioak izan ditu zerbitzuko langileengan, haien baldintzen prekarizazioan eta, zenbait kasutan, arretaren kalitatea galdu egin da". Zerbitzuak ordu asko galdu dituela azken urteotan dio EH Bilduk eta joera horrekin jarraitzen duela.

Udalaren "ardura"

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren "erantzukizuna Udalarena" dela gogorarazi dute eta indarrean dagoen kontratua abenduaren 29an bukatzen dela: "Oso garrantzitsua da egiten den kontratu berriak langileen lan-baldintzak bermatzea eta zerbitzua nabarmen hobetzea". Eztabaida bat irekitzearen alde agertu dira gainera: "Langileek, zerbitzu publikoa den heinean, era zuzenean eman beharko luketen zerbitzua ala ez, azpikontratarik gabe".

Aretxabaletako EH Bilduk "babes osoa" helarazi nahi izan die langile horiei eta haien aldarrikapenekin bat eginez, zerbitzu hobea eta lan-baldintza hobeak lortzen lagunduko dietela gaineratu dute: "Enpresarekin negoziatzen lagunduko diegu, Udala bertan inplikatzen saiatuz; uste dugu funtsezkoa dela hori. Udala da zerbitzuaren titularra eta, horregatik, bere gain hartu behar du langileen egoeraren ardura".

Zaintza lanak garrantzi berezia hartu duela azken hilabeteetan adierazi dute, eta langile horiek "ahalegin handiak" egin dituztela –nahiz eta bitarteko gutxi izan batzuetan eta testak egin zitzaizkien azkenetakoak izan–: "Adinekoak eta mendeko pertsonak zainduko dituen herri bat nahi badugu, zerbitzu publiko eraginkorra eta kalitate handikoa eskaini behar dugu, eta zaintzen gaituzten pertsonak zaintzeko gai izan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak