Haritz Oianguren: "Kurtzebarrin lehenengoak ez du garaipena ziurtatuta"

Xabier Urtzelai 2020ko uzt. 17a, 12:00

Haritz Oianguren, lasterketa hasiko duten puntuan, Ibarran.

Euskal Herriko Oinez eta Hegan txapelketaren hirugarren edizioa egingo dute bihar, zapatua, Aretxabaletan (11:30, Ibarrako berdegunea). COVID-19aren pandemiak ez du aparteko eraginik kirol hitzordu hau antolatzeko orduan, irteera puntuan ez da-eta jendetzarik batuko. Guztira, 22 lagunek eman dute izena –zenbatekoarekin oso pozik daude antolatzaileak–.

Ze itxura du zapatuko egunak?

Eguraldia lagun izango dugula diote iragarpenek, lasterketa 11:30ean hastea da asmoa. Egunotan ipar haizea izan dugu, eta badirudi zapatuan ere ez dela aldaketarik egongo. Ez du euririk egingo eta baldintza egokiak izango dira. Kontua da hemen mendi-hegal bat dugula eta horrek asko laguntzen duela hegan egin ahal izateko, baina, Orkatzategira joan nahi badugu, edo ondoren Aretxabaleta aldera etorri, beharrezkoa da aktibitate termikoa izatea. Kontua da jakitea aktibitate termiko hori noiz hasiko den.

Aktibitate termikoa...

Aktibitate termikoa martxan jartzen da lurra berotzen hasten denean eta berotasun horrek haize korronteak sortzen dituenean. Korronte horiek goranzkoak izaten dira, eta hegan gabiltzanean korronte horietaz baliatzen gara garaiera hartzeko. Hala, korronte horiek beharrezkoak ditugu zeharkaldiak egin ahal izateko.

Izan ere, biharko lasterketan kontua ez da izango soilik Kurtzebarrira azkar igo eta ondoren jaistea. Lasterketak badu mamia.

Bai, estrategiatik ere badu asko. Hasteko, Kurtzebarrira igotzeko pilotu bakoitzak erabakiko du ze bide erabili. Goian sinadura kontrola egongo da, baina mendi tontorrera lehenengo igotzen denak ez du garaipena ziurtatuta izango. Izan ere, lehenengo igotzen denak ikusten badu aktibitate termikoa oraindik ez dela egokia, ezingo du askorik egin. Akaso, hobe izango da behetik gorako bidea lasaiago egitea eta ondoren aireko lanak ondo burutzea.

Hegaldian ere pilotuek lan batzuk burutu beharko dituzte.

Hala da. Behin aireratuta, pilotuek GPS bidez adierazita dauden puntu konkretu batzuetatik igaro beharko dute parapentearekin, antolatzaileek jarriko dituzten baliza horiek errespetatu egin behar dira, eta helmugara iristerakoan antolatzaileei GPS track-a emanda –osatutako ibilbidea– baieztatuko dute puntu horietatik guztietatik pasatu diren ala ez. Baliza horietatik pasa ez dena kanporatua izango da.

Parapente pilotuek ze ibilbide bete beharko dute?

Seguruenik, Aretxabaleta gaineraino etorri beharko dute hegan, eta baita Orkatzategi aldera joan ere. Lur hartzeko tokia, berriz, Urkulu izango da.

Eta ze leku izan daiteke egokia lasterkariak animatzeko?

Pilotuak leher eginda iritsiko dira Kurtzebarriko tontorrera, eta hura bada leku aproposa lasterketa ikusteko. Gainera, motxilak bizkarrean soinean eramanda lasterkariek eskertuko dituzte animo mezuak, seguru [Barre]. Beste aukera polit bat izan daiteke Urkulun zelan lurreratzen diren ikustea, momentu ikusgarria izaten da.

Parapente guztiak berdinak dira?

Ez, askotariko modeloak daude, ezaugarri ezberdinekin. Badira oso parapente azkarrak, baina horiek erabiltzea pilotaje aldetik zailagoa da. Mendira oinez joaten direnek, berriz, ekipo oso arinak erabiltzen dituzte, 10 kilo ingurukoak, eta badira 20 kiloko ekipoak ere.

Lasterketa sarean ere jarraitu ahal izango da.

Bai, streaming bidez eskainiko dugu proba, Livetrack24 webgunean.

Hogeita bi lagun batuko zarete irteera puntuan, kopuru polita da.

Alde horretatik, espero baino parte-hartzaile gehiago izango dira eta oso pozik daude. Gehienak gipuzkoarrak dira, baina bizkaitarrak, arabarrak eta nafarrak ere badaude. Orain, falta dena da eguraldiak laguntzea eta proba arazo gabe egin ahal izatea. Oraingoz, behintzat, iragarpena ona da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak