Desengrasatuta egongo da, baina hain berezia egiten duen ahots urratua bere horretan du, eta atzamarrak arin ditu gitarraren sokak astintzeko. Letra bat edo beste ahaztu zaio bidean, baina zer litzateke Pettiren kontzertu bat horrelakorik gabe!
Emanaldi hasieran esan du abendutik dagoela kontzerturik eman gabe. Denbora asko da hori. Luze jo du, zalantzarik gabe, etenaldiak. Aspaldiko partez, beraz, gaur elkartu da berriz ere musikari beratarra publikoarekin, eta konplize ugari aurkitu ditu Otala Zelain. Tartean, lagunak ere bai.
Hamar kantutik gora jo ditu. Horien artean publikoan zegoen Eneko Barberenak idatzitako Ni naiz, dozena bat urte dituen Hitz jarioa, edo Alegia. Kantu gehienak, ordea, aurten kaleratutako Manipulazio estrategiak diskoko abestiak izan dira: Zaldi emozionalak, Helduentzako sehaska kanta (1), Errurik gabeko habia, edo Blues. Komunikabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk, eta hark egindako gogoetak abiapuntu hartuta egin ditu Pettiren azken diskorako letrak Harkaitz Canok. "Zure problemak ahazteko nik dakartzat berriak" edo "Errua gurpil bat da eta doa maldan behera" moduko gogoetak bota ditu, gaur, beratarrak Otala Zelain.
John Galdos aretxabaletarra aurretik
Petti oholtza gainera igo aurretik John Galdos aritu da. Sei kantu jo ditu gitarrarekin lagunduta: Denboraren hariak, Sokamuturrean, Arima beltza, Aurrera ezin begira, Nigandik ihesi eta Munduaren zilborra. Sorpresa atsegina izan da ezagutzen ez zutenendako.
Kontzertua HemenGaz ekimenak antolatu du. Aurretik, Loramendiko Toponimiako lan-taldekoen eskutik ibilbide gidatu bat egin dute Herriko Plazan dagoen K82 harritik abiatu eta Otala Zelaira arte.