Aisialdirako eskaintza zabala astelehenetik

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 4a, 09:00
Loratu egitasmoko koordinatzaileak. Argazkia: Loratu

Neska-mutikoek ez dute izango ohiko udalekurik aurten, baina aspertzeko tarterik ere ez; Lehen Hezkuntzako umeendako egitaraua gertatu du Loratu egitasmoak, DBHkoendako Atxagazte gaztelekuak eta futbolaren bueltako jolasak UDAk

Osasun larrialdiak hankaz gora jarri ditu egitasmo asko eta asko, baina Aretxabaletan jakin dute horri buelta eman eta gaztetxoen aisialdirako eskaintza egiten. Hiru proposamen bideratu dizkiete eta hirurak uztailaren 6an jarriko dituzte abian.

Auzoetara txangoak

Udalak eta Loramendi elkarteak Loratu programa eskaini dute: "Ohiko udalekurik ez dela izango jakinik sortu dugu, herriaren beharrei erantzuteko", adierazi du taldeko kide Maialen Mendietak. 6 eta 12 urte arteko 125 umek eman dute izena eta zazpi eta hamahiru lagun arteko taldeak osatuko dituzte; horiekin 21 begiralek jardungo dute.

Eusko Jaurlaritzak aisialdi jardueretarako emandako dekretuan oinarritutako protokoloa diseinatu du Udalak. Pilaketak saihesteko, taldeak gune ezberdinetan banatuko dituzte: "Bakoitzak erreferentzia toki bat izango du, kokagune bat. Han elkartuko dira eguna hasteko eta bukatzeko". Topaguneak honako hauek dira: Iralabarri plaza, Iturrizar plaza, Murubide, Errekabarren eta Belorrieta –euria eginez gero: Zainduz lokala, ludoteka, pilotalekua, udaletxe zaharra eta Kurtzebarri eskola–.

Udaletik jakinarazi dute prebentzio neurriak betetzea lehenetsiko duten jarduerak antolatuko direla: "Kontaktu fisikoa eskatzen dutenak saihestuko dira eta ingurune naturala aprobetxatuko da". Udalak 42.500 euro bideratu ditu horretara.

Gaztekonkis nerabeendako

Nerabeei eskainitako Gaztekonkis programan 23 gaztetxok eman dute izena eta lau talde sortu dituzte. "Lehiaketa moldatu egin behar izan dugu egoerara; izan ere, elkarren aurka ezingo dira lehiatu. Ginkanak eta orientazio probak izango dituzte, besteak beste", azaldu du Jon Cano koordinatzaileak.

UDAkoen futbol jolasak 

UDAk, ostera, futbolaren bueltako jolasak eskaini dizkie 2008 eta 2011 artean jaiotakoei, eta 47 gaztetxok eman dute izena; bost begiraleren gidaritzapean egingo dute lan egunero, ordu eta erdiz, hamar bat laguneko taldeetan banatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak