Sexu askapena aldarri hartuta, hainbat ekitaldi domekan

Mirari Altube Arrese 2020ko eka. 25a, 11:16

Ekainaren 28a da Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna da eta hori gogora ekarri gura du Aretxabaletako Mugimendu Feministak; domekarako hainbat ekitaldi antolatu ditu eta Udalak ere bat egin du iluntzean, Herriko Plazan, egingo den elkarretaratzearekin.

Debagoiena mailako ekitaldirik ez da izango aurten, baina Aretxabaletako Mugimendu Feministak –Pikarraituz eta Erdu talde feministak– Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguneko aldarrikapenak kalera aterako ditu domekan.

Ohiko elkarretaratze soiletik harantzago joan nahi izan dute eta bereziki, Pikarraituzeko gazteen proposamenak aintzat hartuta osatu dute egitaraua; performancea eta desfilea, esaterako, horien eskutik datoz, nahiz eta besteek ere parte hartu. "Normaltasun berria deritzona abian den honetan inoiz baino gehiago aldarrikatu gura dugu zer den normala eta zer irteten den eredu heteropatriarkal normatibo horretatik", diote kideek. 

Hona hemen ekitaldiak:

  • • 13:00 Performancea Pikarraituz taldekoen eskutik.
  • • 18:00 LGTBQ+ marrazte saio kolektiboa.
  • • 19:00 Elkarretaratzea eta desfilea.

Herriko Plazan izango dira guztiak eta segurtasun neurriak –1,5 metro eta maskarak– gogoan izateko eskatu dute antolatzaileek.

Udal gobernuaren adierazpena 

Udal gobernuak bat egin du egun horren harira egindako aldarrikapenekin. Adierazpen instituzionalean adierazi dute LGTBI+ eskubideei dagokienez aurrerapausoak eman badira ere eskubide horien onarpen formal hutsetik ez dela pasatu: "Zoritxarrez batzuetan ez da behar adina berme komunitate honen eskubideak egiaz errespeta daitezen". Gaineratu dute, jendarteak eta erakundeek berdintasuna eta diskriminaziorik eza jarri dituztela jarduera esparru nagusien artean. Ildo horretatik, Udal gobernuak konpromisoa hartu du "jendarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa" eraikitzeko.

EH Bilduren iritzia

EH Bilduko ordezkariek adierazi dute adierazpen hori adosteko "inolako kontakturik ez" dela egon Udal gobernuaren aldetik eta "guztien iritziarekin aberatsagoa" izan zitekeela; testuan datozen hainbat kontu aldatuko lituzketela gaineratu dute.

Mugimendu feministak, bereziki gazteek, erakutsitako "konpromisoa" nabarmendu dute eta ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak