Lore Etxeandia: "Harrobian eragin behar dugu, haurrak motibatuz"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 20a, 11:04
Lore Etxeandia Leintz Arizmendi futbol taldeko jokalaria baloiarekin.

Aretxabaletako futbol jokalaria taldearen ibilbideaz, emakumeen futbolaz eta aurrera begira dituen taldeko helburuez eta asmo pertsonalez mintzatu da.

Lore Etxeandia (Aretxabaleta, 1995) Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako Leintz Arizmendi futbol taldeko bigarren kapitaina da. Bere ibilbidean zehar gol politak sartu ditu, eta, denboraldi bikaina egin ostean eta Gipuzkoako Federazioak liga bukatutzat emanda, Euskal Ligan arituko da datorren denboraldian. Taldeko beteranoetako bat izanda, jarraitzeko gogoz dago, aurrera begira helburu garbiak izanda, eta emakumeen futbola indartu guran.

Arizmendi taldea sortu zenetik, eboluzioa izan duzue klubean, ezta? Aurrerapauso bat izan da?

Hasiera batean, Arizmendi taldea zegoen, alde batetik, eta, bestetik, Mondra. Lehia handia geneukan gure artean, eta ematen zuen ezinezkoa izango zela bi taldeak batzea, baina, hala egin, eta Leintz Arizmendi sortu genuen. Iaz, berriz, Aloña ere batu zen bigarren taldera, eta, horrela, sendotasuna lortu dugu; beraz, oso pozik eta harro nago proiektu honekin, funtzionatu du, eta bide beretik jarraitu beharko genukeela uste dut.

Sekulako denboraldia egin du taldeak, eta, ezohiko moduan bada ere, igoera lortu du. Pozik sariarekin? Ospatzeko modurik izan duzue?

Duela hiru urte inguru Euskal Ligan geundela mailaz jaitsi ginen. Taldekide askok futbola utzi zuten… Hala ere, gaur egun, ematen du maila onean gaudela, eta horren adierazle da igoera lortu izana. Beraz, oso pozik gaude taldeak egindakoarekin. Gainera, Aloñatik zenbait jokalari etorri dira, laguntza eskaini digute, eta azpimarratzekoa izan da beraien ekarpena. Hala ere, oraindik ez dugu ospatzeko aukerarik izan. Apirilean sagardotegira joatekoak ginen, baina, ezin izan genuenez egin, ospatzeko gogoz gaude. Egingo dugu zerbait…

Inork ezagutzen badu taldea, hori zu zara; zenbat urte daroazu? Oraindik jarraitzeko gogoz?

Zazpi edo zortzi urte inguru daramatzat taldean, eta oraindik jarraitzeko gogoz nago; taldearekin zein futbolarekin. Hala ere, emakumezkoen futbolean, 24 eta 25 urtetik gorakoak uzten joaten dira poliki-poliki, eta pena da. Beti arazo bera izan arren, ni oso gustura nago, eta, lesiorik izaten ez badut, behintzat, jarraitzeko asmoa daukat.

Zerbait lortu nahiko zenuke futbol ibilbidea bukatu aurretik?

Taldean jende asko utzita gustatuko litzaidake bukatzea nire ibilbidea. Geroz eta haur gehiago nahi ditugu taldean, baina horretan, gorago gauden mailetako jokalariok egin behar dugu indarra. Hala, erreferenteak ere izan ditzaten. Gaztetxo oso onak daude, baina motibatuta egoteari eta futbolean jarraitzeari ematen diogu garrantzia, kalitateari barik.

Dena den, emakumezkoen futbolak pauso handiak eman dituela azken urteotan esango zenuke?

Uste dut goi mailako taldeetan pauso handiak eman direla, baina behetik hasi behar dugu eraikitzen harrobia. Jende falta dago, gizonezkoen mailarekin alderatuz. Kasu honetan, diru asko mugitzen da, eta ez dute arazo hori. Horrekin batera, Eibarrek eta Realak, esaterako, fitxaketa asko egiten dituzte, eta herri txikietakoak kaltetuak irteten gara hortik, jokalari barik geratzen baikara.

Futbol jokalariz betetako familiako kidea zara, baina guztiak gizonezkoak. Haiek baino gutxiago baloratua sentitu izan zara?

Emakumeak gehiago demostratu behar duela ematen du gizonezkoen maila berean egoteko. Pauso bat atzetik gaude; autobusak ez dizkigute jartzen, kuotak ordaindu behar izaten ditugu… Hala ere, egoera aldatzen doa pixkanaka. Zuzendaritzetatik hasi dira konturatzen, eta poliki-poliki baldintzak aldatzen ari direla ematen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak