Martxoan, alarma egoera ezarri zenean, desaktibatu zuten kuarteleko ateko giltza, eta hiru hilabeteotan ezin izan da inor sartu. Musikari asko, gainera, ezustean hartu zituen egoerak, eta materiala atera ezinik geratu ziren.
Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak bat egin du sortzaileen ezinegonarekin: "Ulertzekoa da kuartelean sartzeko izan duten gogoa, gehienek etxean ezin dutelako entsegurik egin". Horretarako, segurtasun protokoloa aurkezteko eskatu zieten, eta behin hori aurkeztuta zabaldu dituzte ateak.
Protokoloa, abian
Ateak zabaldu aurretik desinfektatu egin dute eraikin guztia, eta Udal ordezkariei aurkeztutako protokoloan edukiera eta garbitasun kontuak jaso dituzte, besteak beste: lokal bakoitzean bost lagun egongo direla zehaztu dute eta dantza gelan, handiagoa izanik, zortzi; eraikineko edukiera kontrolatzeko txandak antolatuko dituzte korridoreka eta espazio txikietan eta gune komunetan maskarak janzteko konpromisoa hartu dute. Gel hidroalkoholikoa eta xaboia jarri dituzte, gainera.
Jaiki elkartea, lanean
Dantza gelan elkartzen den Jaiki elkarteak martitzenean egin zuen itxialdi osteko lehenengo entsegua, eta, era berean, denboraldiko azkena. "Inprobisatze dantza saioaren irakaslea kanpotik dator, eta, horregatik, erabaki dugu bukatutzat ematea ikasturtea", azaldu du Jaiki elkarteko kide Maier Etxebarriak. Dantza saioaren ostean afari-merienda eginez, giro atseginean esan zioten agur elkarri.
Swing dantza ikastaroari, ostera, ez diote helduko orain: "Bi talde osatuta daude, eta ekiteko gogotsu ere bai, baina iraila arte ez gara hasiko. Hor berreskuratuko ditugu orain ezin izan ditugunak egin".
Uztailera begira, ecstatic dance saioren bat egin gurako lukete, baina horretarako kuartelekoa baino gela handiagoa behar dute: "Aurrera egitea erabakiz gero, kiroldegiko areto handi bat eskatuko dugu, jende gehiagok izena eman eta dantzan gustura egin ahal izateko". Horrez gain, ekitaldiren bat antolatzea ere ez dute baztertu.