Udalak antolatuko duen udako programarako begiraleak hautatzeko prozesua hasiko da bihar. Curriculuma aurkezteko oinarrizko baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek: gutxienez 18 urte izatea; erdi mailako heziketa zikloak edo batxilergoa amaituta izatea; hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea; lana egiteko gaixotasunik nahiz muga fisikorik edo psikikorik ez izatea; diziplina-espediente bidez baztertu gabea izatea eta funtzio publikoak betetzeko ezgaituta egotea; eta beste lan-kontratu edo funtzionario izendapenik ez izatea.
Baldintza horiek betez gero, curriculumak udaletxean aurkeztu beharko dira, eta horiekin batera, curriculumean ageri diren tituluen eta merezimenduen agirien fotokopiak. Ondoren, epaimahaikideek curriculumak aztertuko dituzte eta puntuak banatuko dituzte:
Titulazioa:
-Aisialdi begirale titulua: 2,5 puntu
-Gizarte hezkuntza, Psikologia, pedagogia, magisteritza, Tafyd eta IVEF: 3 puntu
-Arte ederrak: 2 puntu
-Gizarte eta kultur animazioa, gizarte integrazioa: 2 puntu -
-Lehen sorospen titulua: 1 puntu
Lan-esperientzia:
-Udaleku irekietan urte bakoitzeko 5 puntu.
-Udal aisialdirako zerbitzuetako langileak (ludoteka, errefortzu programa eta aisialdi programak) : 6 puntu
-Hezkuntza formalean esperientzia, urte erdi bakoitzeko 2 puntu.
Hautatuak, puntu gehien lortzen dutenak
Hautagaien azken kalifikazioa lehiaketa-fasean lortutako emaitzen batura izango da. Berdinketak badaude, ordea, lan-esperientzia lehenetsiko da, eta ondoren, begirale titulua izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikasketak izatea. Horren ostean berdinketarik balego, Udalak azaldu duenez, Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 artikuluaren arabera egingo da hautaketa.
Hautaketa bukatu ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak lortutako puntuazioaren araberako behin behineko zerrenda argitaratuko du Aretxabaletako Udaleko iragarki taulan eta web orrian. Horrekin batera, jakinarazi dutenez, zerrendatik baztertuak izan direnek hiru egun naturaleko epea izango dute akatsak edo ez-egiteak zuzentzeko, edo zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko.