Hilerokoaren hezitzailea zara eta horri agerikotasuna eman nahi diozu, zergatik?
Hilerokoaren gaineko argibideak emateko formazioa jaso dut eta horretan dihardut.Pentsatu nahi dut 12 urteko neskatilak ez direla tanpoiak edo konpresak gordetzen ibiltzen eskolara doazenean gaur egun, baina ez dakit. Emakume gehienok eta gizonezko transek bizi duten egoera naturalenetakoa da eta ezin da ulertu ezkutuan ibili behar izatea. Kopa menstrualak, esaterako, agerian utzi du hilerokoa, asko egin delako berba horren gainean; pentsa, jendeak uste du orain dela 6-7 urte asmatu zela eta patentea 1937koa da.
"Ezagutzea ahalduntzea da" diozu…
Hilerokoak zein eragin duen gure gorputzean jakitea garrantzitsua delako. Ilargiak legez lau fasetan banatzen da eta zein eragin duen fase bakoitzak gugan jakin behar da. Odola botatzea baino askoz gehiago da hilerokoa, ziklo barik ez delako ezer.
Sexuaren gaineko heziketa falta dagoela esango zenuke?
Bai, handia. Sexuaren gaineko lehen saioa, lau orduko formakuntza, 2. DBHn jaso nuen nik eta gero ez nuen besterik izan 4. DBH arte. Eskolako curriculumean sartuta egon beharko litzateke eta ez formazio saio batera mugatu. Gainera, ez dago adinik hori lantzen hasteko, umetatik has daiteke, garrantzitsua delako naturaltasunez jorratzea, gerora traumarik ez sortzeko. Ahalduntzetik hezi beharrean beldurretik hezten gaituzte, eta horrek gerora asko baldintzatzen du.
Jostailu erotikoen gaineko proiektuan zelan hasi zinen?
Nire bizitza profesionalaren lehorte garai baten sortu zen. Produktu erotikoren bat edo beste ezagutzen nuen eta hortik
jo nezakeela pentsatuta hasi nituen bilerak. Hainbat produktu eroaten ditut halako bileretara eta horien gaineko argibideak ematen ditut. Azken hilabeteotan bilerak egitea zaila denez, norbanakoendako salmenta abiatu dut Instagram bidez: xarma_bilerak.
Zelako profiletakoa da bezeroa?
Askotarikoa, ez dago bakar bat. Gaztea eta herrian ezaguna izateak laguntzen duela uste dut eta askok jotzen dute nigana interesatuta.
Satisfayerrari buruz asko egin da berba, zergatik nabarmendu da?
Iraultza txiki bat egin duela esango nuke. Honi esker emakumearen masturbazioa mahai gainean jarri da falo itxurarik ez duen jostailu bati esker, eta adierazten du emakume gehienen plazer puntua klitorian dagoela; eta hori bada zerbait. Halako fama hartu badu ez da bakarrik marketin kanpaina handia egin zaiolako, ahoz ahokoak ere funtzionatu duelako, baizik. Dena den esan, sexualitatea oso anitza dela eta produktu erotikoen mundua are eta anitzagoa, hortaz, edozeinen gusturako produktuak daudela, zorionez. Tristea izango litzateke satisfayerrera murriztea guztia.
Gazteak jakitunagoak eta askeagoak dira sexu kontuetan?
Sekulako informazioa dugu eskura orain klik bakar batekin, baina informazio hori guztia ondo kudeatzen jakin behar da. Pentsatu genezake gazteek ezagutzen dituztela onura zein arrisku guztiak, eta sexu praktika seguruak izango dituztela baina ez da horrela; azken urteetan sexu bidez transmititzen diren infekzioen gorakada handia egon da... Gogoeta eragiten du horrek eta guztia dator ez
dugulako ganorazko sexu heziketa. Askeagoak izan gaitezke baina arrazonamendu kritikoa garatuta ote dugun zalantza dut.