Ohiko udalekuen ordez, 'Loratu' programa abian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 12a, 09:00

Aretxabaletako Udaleko ordezkariak eta Loratu egitasmoko kideak.

Udalekurik ezaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko, haurrentzat zuzendutako Loratu udako programa izango da uztailean Aretxabaletan. Zerbitzua, segurtasun neurrietara egokituta, uztailaren 6tik 24ra bitartean izango da, 6 urtetik 12 urte bitarteko haurrentzat –Lehen Hezkuntza– . Guztira, 170 plaza eskainiko dira, eta ordutegia, berriz, astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 13:00etara bitartekoa izango da.

Loramendi Euskara Elkarteak udako ekimen hau martxan jartzea proposatu dio Aretxabaletako Udalari eta bi aldeen artean borobildu dute egitaraua. Plaza guztiak betetzen badira, zenbait taldek lehentasuna izango dute: guraso bakarrak edo bananduak, euskaraz hitz egiteko eta sozializatzeko premiak, edo behar bereziak dituzten haurrak, eta bi gurasoak lanean dituztenak. Hurrenkera honen arabera kanpo geratzen diren plazak zozketa bidez izendatuko dira, eta zozketa ekainaren 22an egingo litzateke, 17:00etan, mojen komentuan.

Segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzea izango da helburua; beraz, ez da jarraituko plazan batzeko metodoa. Talde bakoitzak bere erreferentziagunea izango du, eguneroko ekintzei hasiera eta amaiera emateko balio izango duena. Funtzionatzeko modu horrek hiru gunetan banatuko du herria, begirale batek zuzendutako zazpi kidez –aldaketak egon daitezke– osatutako taldeen arteko kontaktua saihesteko.

Izen-ematea, zabalik

Internet bidez egingo da izenematea, eta banakakoa izango da. Hau da, haur bakoitzak izenemate orri bat beteko du, nahiz eta familia berekoak izan. Horretarako, formulario bat zabaldu dute, eta hori betetzean zerbitzuaren helburuei erreparatzea eskatu dute Udaletik. Izen ematearen epea ekainaren 9tik ekainaren 18ra bitartean izango da, eta prezioa, berriz, 85 euro umeko; hirugarren umea, doan.

Julen Perales. 'Loratu'-ko koordinatzailea

Nola sortu da 'Loratu'?

Loramendiko proiektu ezberdinetan hezitzaile lanetan dihardugu ikasturte osoa. Beraz, esan daiteke, ume eta gurasoek osatzen duten giroan murgilduta gaudela. Behin jakin genuenean aurtengo uztaileko aisialdi eskaintza guztia bertan behera gelditu zela, aurreikusi genuen familiatan hutsune eta beharrak sortuko zirela. Gure artean kezka hau elkarbanatu eta pixkanaka-pixkanaka lanketa bat egiten hasi ginen, herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko asmoz. Betiere aisialdi eta kontziliazioaren esparruan.

Zer da?

Aretxabaltan udaleku ezaren ondorioz sortutako beharrak, egoera honek posible egiten duen heinean, asetzeko sortu den proiektua da Loratu. Honetaz gain, etorkizunean herriko aisialdi eskaintzari buelta bat eman nahi diogu.

Zer eskaintzen duzue? Metodologia?

Bizitzen ari garen egoera honen ondorioz ezarritako segurtasun neurriak bermatzea ahalbidetzen duen haurrentzako udako zaintza-aisialdi programa da eskaintzen duguna. gauzak horrela, taldeak zazpi ume eta begirale batez osatuta egongo dira. Aldi berean, Aretxabaleta birtualki hiru gune nagusitan banatuko da, alde bakoitzak bere erreferentzia gunea izango duelarik. Beraz, haurrak ez dira urtero bezala plazan elkartuko. Horrela, taldeen arteko kontaktu zuzena ekidingo dugu. Gune hauek egunari hasiera eta amaiera emateko balioko dute eta bertan hartuko dira beharrezkoak diren higiene eta osasun neurri guztiak.

Nori bideratutako zerbitzua da?

Lehen Hezkuntzako umeei bideratuta egongo da. Ikusten genuen Haur Hezkuntzako umeen artean behar bat dagoela, baina horrelako taldeekin kontaktu gehiago dago eta gainezka egiten ziguten trabak zeudela eta, nahiago izan dugu kanpo uztea.

H.H.-koek zergatik ezin dute proiektuan parte hartu?

Egia da, egoera zail honetan, haur horiek ere zerbitzu bat izateko aukera izan behar dutela, bai beraien ongizaterako eta baita etxeko kontziliaziorako. Hasiera batean ez genuen Haur Hezkuntzakoen presentzia proiektu honetan baztertzen, baina, beste zerbitzu publikoen eskaintza kontuan izanda ezin izan dugu proiektu honetan, haur horiek proiektu honetan barneratu. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak gomendaturik, sei urte azpikoentzako segurtasun protokoloak betetzea oso zaila delako. Egoera berri honen aurrean, oso konziente ez diren pertsona taldeak saihestea gomendatzen da eta horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak horren bultzatzaile nagusi da. Horretaz gain, inguruko herriek sustatu duten programa berri hauetan ere, Haur Hezkuntzakoen presentzia ez dute bultzatzen, segurtasun protokoloak beteko ez diren beldurra baitute.

Etorkizunera begira, proiektu honekin jarraitzea pentsatua duzue?
Bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak