Martxoan geratu ziren bertan behera kultura ekitaldi guztiak, barrukoak zein kanpokoak, osasun larrialdiaren ondorioz alarma egoera ezarri zenean hain zuzen ere. Aste honetan, hirugarren fasean sartzearekin batera, azken urteetan antolatu den 7x7 Kultura kalean programa jarriko dute abian. Horrela, koronabirusaren ondorioz jasan duen geldialdiaren ondoren, Udalak berriro ekingo die kultur jarduerei.
Aire zabaleko zazpi ikuskizun izango dira beste behin, eta bihar, ekainak 10 hasi eta 25era bitartean herriko txoko ezberdinak girotuko dituzte, besteak beste, Herriko Plaza, Mitarte kalea, Iralabarri plaza, komentu zaharreko lorategia eta Kurtzebarri eskolako kantxa.
Antzerkia, txotxongiloak, magia eta musika dira aurtengo edizioaren proposamenak, eta bost ikuskizun izango dira haurrentzat eta bi helduentzat.
Aforo mugatua
Ikuskizunetan segurtasun neurriak beteko direla gogorarazi dute Udaletik. Kasu bakoitzean aulki kopuru jakin batera mugatuko da aforoa eta horien artean bi metroko tartea utziko da. Ikusleei maskara eramatea gomendatu diete.
Zazpi proposamen
Hona hemen egitaraua:
- Ekainak 10: Trokolo teatro taldearen Kioskoa antzezlana. Herriko Plaza. 19:00.
- Ekainak 12. Bihar txotxongilo taldearen Ipuin magikoak. Santa Rita lorategia. 19:00.
- Ekainak 14. Zirtaka antzerki taldearen Ongi etorri, lagun! . Iralabarri plaza. 19:00.
- Ekainak 16. Asier Kidam magoaren Aroak eta mirariak ikuskizuna. Santa Rita lorategia. 19:00.
- Ekainak 19. Voces Navarras taldea (jotak). Herriko Plaza. 19:00.
- Ekainak 21. Havana 537 taldearen kontzertua. Mitarte kalea. 19:00.
- Ekainak 25. Zirika Zirkus konpainiaren Zinemaz Blai ikuskizuna. Kurtzebarri eskolako kantxa. 19:00.