Euskara etxe guztietara iristeko egitasmoa, abian

Mirari Altube Arrese 2020ko eka. 6a, 11:16

Etxetik euskaraz berriketan izenarekin Loramendi elkarteko Barriketan taldeak ume eta gazteekin hasi gura du lanean; jakinik konfinamendu sasoian askok ezin izan dutela euskaraz berbarik egin etxean, hori bideratzeko saioak antolatuko dituzte.

Eskola da euskaraz jarduteko gune bakarrenetakoa hainbat umerendako, eta hori badakite Loramendi elkarteko kideek. "Udako oporraldian euskararen erabilera asko jaisten da etxe batzuetan, eta konfinamendu egoeran beste horrenbeste gertatu da", dio Paloma Martinezek, Barriketan taldeko eragileak. Horri konponbidea topatu nahian, mintzapraktika saioak antolatu gura dituzte umeendako eta gaztetxoendako.

Berba egin zein entzun

Etxean euskaraz berba egiterik ez duten 6 eta 12 urte arteko neska-mutiko guztiei bideratu diete –Lehen Hezkuntzako 1. mailatik DBH-ko 2. mailara artekoak–. Ekimenak aurrera egin dezan, baina, ezinbestekoak dira euskaraz dakiten boluntarioak: "Euskara oparitzeko prest dagoen euskaldunik ez badago, taldeak ezingo dira osatu".

Hala, behin hiru-lau laguneko taldea osatuta, familiek elkarren artean adostuko dute saioak zelan eta noiz egin gura dituzten: etxean telematikoki edo kalean, derrigorrezko segurtasun neurriak hartuta. "Euskaraz jardutea da kontua, berba egitea zein entzutea: ipuin bat irakurtzea batak besteari, egunean egindako zerbait kontatzea, errezeta bat azaltzea…", dio Palomak, eta gaineratu du: "Nik badut beste ideiatxo bat ere. Fortnite bideo-jokoa oso modan dago orain. Online jokatzen da eta edozein herritako lagunekin jartzen dira kontaktuan jokalariak. Nik gurako nuke taldetxo bat sortzea euskaraz jardun dezaten jolasean dabiltzan bitartean".

Mintzapraktika saioetarako astean birritan edo hirutan elkartzea proposatu dute, saio bakoitza 30-40 minutukoa izanik.

Izen-ematea zabalik dago

Baterako zein besterako Loramendi elkarteko kideekin jarri behar da harremanetan: 685 75 67 29 etaeuskara@loramendielkartea.eus. Izen-emate orriak hemen: boluntarioendakoa  eta umeendakoa.

Dagoeneko jaso dituzte lehenengo deiak, hartzaileenak zein emaileenak, eta Loramendiko kideak ekimenarekin hasteko gogotsu daude. "Euskara bizirik dago, eta, gainera, gure eskuetan –mingainetan– dago bizirik mantentzea eta transmititzea", dio Martinezek, gonbidapen gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak