Zein da egoitzako egoera?
Kasu positibo bat daukagu eta lau egoiliarrek emaitza indeterminatua dute. Horrek esan gura du lau antigenotik batek oraindik gene positibo batzuk dituela, baina efektu negatiboa duela. Azken horiek astelehenerako negatibo izango dira, seguruenez, eta esperantza daukagu positibo eman duen horrek negatibo ematea datorren astean. Izan ere, positibo izaten jarraitzen dutenak Eibarko ospitalera bideratuko dituzte. Hala ere, gure asmoa da, ahal izanez gero, behintzat, inor bideratu beharrik ez izatea hara, eta ea lortzen dugun.
Egoitzan positiborik ez izatea da asmoa epe motzean?
Bisitak hasi ahal izateko, ezin dugu kasu positiborik izan egoitzan. Diputazioak esan du ekainaren 8tik aurrera bisitak egitea posible izango dela, baina ezin dugu positiborik izan horretarako.
Zelan daramazue egoera?
Oraindik kasu positiboak izateak arraroa dirudi, azkenak garela, baina gu berandu hasi ginen kasuak edukitzen, beste egoitza batzuk lehenago hasi ziren. Galderari erantzunez, ondo daramagula esango nuke. Ikusten dugu kutsatuak errekuperatzen ari direla apurka. Gainera, gehienak asintomatikoak izan dira. Proba asko egin ditugu, batzuei bi bakarrik, baina gehienei hiru PCR probatik gora egin dizkiegu. Bilatzen ibili gara, ez dugu itxaron sintomak eduki arte. Bilatzen duenak aurkitzen du, eta horrek ere lagundu digu. Asko ikasi dugu guztiok, eta langile guztien lana ere goraipatzekoa da. Material aldetik ere ez dugu arazorik izan, enpresek eta Diputazioak une oro ekarri digute eta.
Zer izan da gogorrena orain arte?
Niretzat, pertsonalki, bisiten kontua izan da. Pertsona bat hilzorian egon, eta hitzordua zehaztu behar izatea epe laburreko bisita bat egiteko. Egoiliarrentzat, bestalde, bisitarik ez edukitzea izan da gogorrena.
Egoera kontrolpean duzue?
Badira asteak kontrolpean daukagula. Hasiera izango zen zailena, agian, baina zortea izan dugu, kasu positiboak astiro joan direlako agertzen. Guztira, 38 kasu positibo izan ditugu, baina ez dira guztiak batera etorri. Alde horretatik, ez da kaosa izan. Horrek asko lagundu digu egoera kudeatzeko orduan