Animalien gaineko ordenantza hobetzeko 32 ekarpen

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 30a, 10:00
Herritar bat txakurrarekin, kalean.

Herritarrek hainbat iradokizun egin dizkiote animaliak edukitzea eta babestea zehazten duen araudia eguneratzeko proposamenari, eta horietatik lau onartu dituzte; aurretik Udalak zehaztutakoei gaineratuko dizkiete horiek, osoko bilkuran onartzeko.

Bide publikoan animalien eta pertsonen ongizatea eta bizikidetza hobetzeko asmoarekin, ordenantza berritzeko prozesua jarri du abian Udalak, eta proposatutako aldaketei ekarpenak egiteko aukera izan dute herritarrek. 32 aurkeztu dituzte guztira, eta udal ordezkariek eta teknikariek horiek aztertu ondoren erabaki dute lau proposamen sartzea. Araudi berritu araudi hori ekainaren erdialdean egingo duten osoko bilkuran onartuko dute.

Ekarpen "nabarmenenak"

Txakurren kakak jasotzeko poltsak eramateko betebeharra ezarri du Udalak

Apirilaren bukaeratik maiatzaren erdialdera arte, herritarrek aurkeztutako ekarpenetatik "nabarmenenak eta kasu askotan errepikatu" direnak onartu dituzte. Honako hauek dira: batetik, debekatuta egongo da etxeko animaliek iturrietatik zuzenean edatea, eta baita bertan bainatzea ere; bestetik, leku publikoei dagokienez, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean xedatutakoa bete beharko da; hirugarrenik, animaliak leku desberdinetan sartzeko debekua arautzen duen artikuluan zehaztu da ezingo direla eraikin publikoetan eta administrazio bulegoetan egon; eta azkenik, txakurren gorotzak errefusa jasotzeko zakarrontzietan utz daitezkeela jaso da, baldin eta inguruan gorozkiendako paperontzirik ez badago.

Horiez gain, araudi berrituan beste zazpi eguneraketa sartu ditu Udalak; besteak beste, katuei edo usoei kalean jaten emateko debekua eta txakurren gorozkiak jasotzeko poltsak eramateko betebeharra. Arau-hausteen kasuan ezarriko diren isunen kopuruak ere eguneratu egin ditu.

Katuen gainekoak, baztertuta

Bestalde, ekarpen batzuk baztertu egin ditu Udalak, arrazoi ezberdinengatik; baztertutakoen artean daude katuen koloniak kudeatzeko eta katuak babesleku seguru batera eramateko espazio bat prestatzeko proposamenak. Iradokizun horiek aztertu dituen batzordearen ustez, ordenantzan ezarritakoaren kontra doaz.

Mota ezberdinetako beste hamar ekarpen, ostera, dagoeneko jasota daudela animaliak edukitzeari buruzko udal araudiaren zirriborroan adierazi dute udal ordezkariek.

Aisialdirako gunea

Eguneratu den araudian, txakurren aisialdirako eremuak nola funtzionatuko duen zehaztu dute. Horren gaineko proposamenak ere jaso dituzte; hainbat aretxabaletarrek uste dute beharrezkoa dela Udalak eremu hori egokitzeko planteatutako 900 metro koadroko azalera handitzea, eta txakurrak gozatzeko hainbat elementuz hornitzea. Udaletik jakinarazi dute ekarpen horiek "arretaz" aztertuko dituztela gunea egokitzeko unea iristen denean.

Bestetik, gogorarazi dute komentuko lorategira txakurrek ez dutela sarbiderik, eta beste hainbat tokitan ere debeku hori adierazten duten seinaleak jartzeko asmoa agertu dute.

Alegazioak aurkezteko epea

Osoko bilkuran, ekainaren erdian, hasierako onespena eman ondoren ordenantzari, jendaurrean jarriko da, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Horiek aztertu eta behin betiko onartzen denean izango dira indarrean egindako aldaketa guztiak. Ekarpenak egindako herritarrek Udalaren erantzuna jasoko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak