Kontziliazioa eta umeen aisialdia uztartu gura ditu EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 28a, 14:49

Irati Pagoaga eta Ion Albizu, EH Bilduko zinegotziak.

Ohiko udaleku irekirik ez da izango aurten, baina Aretxabaletako EH Bilduk uste du hainbat familiak duela zaintza zerbitzu baten beharra; hori baieztatzeko galdeketa egin du eta jasotako 203 familiaren erantzunekin batera proposamena bideratu dio Udal Gobernuari.

Une honetan bi egoerari erantzun behar zaiola uste dute EH Bilduko kideek. Batetik dago umeen "aisialdi beharra", arauak arintzen joan arren oraindik urruntze soziala bete beharra izanik. Eta bestetik dago familien kontziliazio beharra, gurasoak lanera bueltatzen dabiltzan heinean: "Horren aurrean, lehentasunak eta helburuak gainbegiratzea proposatu genion alkateari, herriko umeek eta horien gurasoek dituzten beharrei erantzungo dien programa bat martxan jartzea helburu izanik", azaldu du Ion Albizuk.

Zerbitzua erabiltzeko gertu

Herriko familien beharrak ezagutzeko galdetegi bat betetzeko eskatu zieten horiei joan den astean, eta pozik agertu dira, 203 familiak erantzun duelako: "Aretxabaletan 12 urte arteko umeak dituzten familien %35 inguru dira; 344 ume".

Gurasoen lan egoeraren gainean galdetuta, 49 familiatako guraso biek lanera joan beharra zutela izan zen erantzuna, EH Bilduren esanetan; eta kontziliazioarekin moldatzen ziren galdetuta, 97k baietz erantzun zuten; 76 familiak, baietz, baina laguntzarekin; eta 25ek, ezetz.

Kontziliazioan lagunduko lukeen zerbitzurik abian jarriz gero erabiltzeko gertu egongo liratekeen ere galdetu zieten, eta baiezko erantzuna jaso zuten 89 familiaren aldetik; 157 ume, hain zuzen ere. "Argi geratu da badagoela zerbitzu baten beharra familien artean; betiere, umeen aisialdia asetzea helburu nagusia duena", dio Albizuk.

Talde oso txikitan

EH Bilduk Udal Gobernuari bideratu dio eskaera: "Aukerak azter ditzan eta bideragarria ikusten bada begiraleen lan poltsa lehenbailehen zabaltzeko eta antolatzen hasteko". Zerbitzu horrek izan beharko lituzkeen ezaugarri batzuk ere eman dituzte: talde oso txikiak izatea; erreferentziazko gune bat edukitzea talde bakoitzak, garbitasun neurriak mantentzeko; eta herriko baliabideak aprobetxatzea "kontaktua saihesteko": komentua, eskola, Kukumiku, ludoteka... Era berean, ohiko udalekuak baino "luzeagoak" izatea hobetsi du EH Bilduk, kontziliazioan "denbora luzeagoan laguntzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak