Santa Kurtz kalearen proiektuari ekarpen asko egin dizkiote herritarrek

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 22a, 16:14
Proiektuaren gaineko azalpenak ematen Unai Elkoro alkatea eta Xabi Otxoa Hirigintza zinegotzia, martxoan.

Martxoan erakutsi zien Udalak herritarrei proposamena, eta bi aukera eskaini hautatzeko; 81 ekarpen eta 152 boto jaso zituzten orduan. Proiektua aurten idatziko dela iragarri dute, baina lanak atzeratu egingo dituzte, "egoerak behartuta".

Santa Kurtz kalea berriro urbanizatzeko asmoaren berri urte hasieran eman zuen Udalak, eta, ondoren, proposamena herritarrei erakutsi zien, haien iritzia jasotzeko. Bi aukera eskaini zizkien, eta bozkatuena hau izan zen: aparkaleku gehiago, 150era iritsi arte, eta zabalera txikiagoa oinezkoentzako guneetan, irisgarritasuna bermatuz. Herritarrek emandako 152 botoetatik 129 jaso zituen horrek, eta 21 besteak: aparkatzeko 132 plaza eta oinezkoentzako espazio zabalagoak –bi boto, zuri–.

Horrez gain, herritarren 81 ekarpen jaso dituzte, eta horiek Udalaren zerbitzu teknikoek aztertuko dituztela iragarri dute: "Bideragarritzat jotzen diren proposamenak proiektuan sartuko dira". Gehien errepikatu direnetako batzuk honako hauek dira: aparkaleku gehiago jartzea eta TAO ezartzea bertakoek lehentasuna izateko; Guridi kalearen inguruan kendutako zuhaitzak berriz landatzea; arrapala bat egokitzea Santa Kurtz 4. zenbakitik Otalora kalera jaisteko eskaileren ondoan; farola gehiago jartzea hainbat puntutan; lur azpiko gas depositua kentzea; radarra jartzea; eta estalitako jolas parkea egitea. Proiektua aurten idatziko du Asmatu enpresak.

Lanak, atzeratuta

Udaletik adierazi dute lan horien helburuetako batzuk direla oztopo arkitektonikoak kentzea, espaloiak zabaltzea, erreiak estutzea ibilgailuen zirkulazioaren abiadura murrizteko eta oinezkoen eta autoen gidarien ikuspena hobetzea. Eta, bestetik, hornikuntza eta saneamendu sareak berritu egingo dituzte. Lanak aurten hasteko asmoa zuen Udalak, 2019ko gerakina erabilita, inbertsioa 1,8 milioi eurotik gorakoa izanik. Baina osasun krisiaren eraginez "gutxienez 2021era arte" atzeratu behar izan dituztela iragarri dute. "Udalaren inbertsio-ahalmena murriztu egin da COVID-19ak sortutako beharrei aurre egiteko, eta 2019ko aurrekontuaren soberakina funtsezko zerbitzuei eusteko ere erabiliko da", esan du Unai Elkoro alkateak, eta gaineratu: "Horrek ez du esan nahi berrurbanizatzea ez denik beharrezkoa, baina, oraingoz, mahai gainean uztera behartuta gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak